Politika -

Hezkuntza erreforma

'LOMCEren aurrean borroka demokratikoa' eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

"Hezkuntzako eragileekin LOMCEri erantzuna emateko estrategiak eta mekanismoak ezartzeko" konpromisoa hartu du ELAk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"LOMCE legearen aurrean borroka demokratikoa egiteko" eskatu dio ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. Sindikatua "arduratuta" agertu da azken egunetan Exekutiboak izan duen jarrerarekin. "Araudia eta dekretuak erabiliz, Lege Organikoari aurre egingo diola sinestarazi nahi digute, baina agian horrek erasoei aurre egiteko instrumentu falta ezkutatzen du".

Ohar bidez adierazi duenez, "azken asteetan Hezkuntza sailak, Eusko Jaurlaritzak eta EAJ alderdiko buruzagiek LOMCE legearen aurkako iritziak kaleratu dituzte, eta hezkuntza komunitateari eta gizarteari legea ez ezartzeko lanean ari direla sinestarazi nahi diote".

"Eskoletan eta herrietan azken hilabeteetan ikusi ahal izan den moduan, baita larunbatean Bilbon egin zen manifestazioan ere, LOMCE legea euskal gizarteak duen iritziaren aurkakoa da, eta euskal gizarteak behar duen erabakitzeko eskubidea eta hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea ezeztatzen du", adierazi du ELAk.

"Lege Organiko bidez ezarriko du hezkuntza erreforma Espaniako Gobernuak. Hori dela eta, ELA sindikatuarentzat ulergaitza da Hezkuntza sailburuak, Jaurlaritzako bozeramaileek eta EAJko buruzagiek Hezkuntza lege bidez, curriculum bidez edo dekretu bidez hezkuntza erreforma ez ezartzea lortuko dutela sinestaraztea", gaineratu du oharrean.

"Hezkuntzako eragileekin LOMCEri erantzuna emateko estrategiak eta mekanismoak ezartzeko" konpromisoa hartu du ELAk.

"Jaurlaritzak bide hori hartzen badu, ELAren babesa izango du. Baina hezkuntza komunitatea eta euskal gizartea engainatzen saiatzen bada, aurrean izango gaitu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza berriak ELA Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza