Politika -

Lasa eta Zabala

Jose Amedo: 'GALek bere egitekoa bete zuen'

Amedok, GALen hainbat ekintzaren atzetik egotearren 108 urteko kartzela zigorra jaso zuen polizia ohiak, "segurtasun indarrek jasotzen zuten presioari" egotzi dio Lasa eta Zabalarekin egin zutena.

Jose Amedo polizia ohia. Argazkia: EiTB.
Jose Amedo polizia ohia. Argazkia: EiTB.
Amedo: 'Ez nintzateke honelako kasu batean inoiz berriro sartuko'

1:26

N. V. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Amedo GAL Askapenerako Talde Antiterroristek egin zituzten hainbat ekintzaren atzetik egon zelako 108 urteko kartzela zigorra jaso zuen polizia ohiaren ustez, Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAko kide iheslariek jaso zuten tratamendu ankerraren arrazoia "Estatuko Segurtasun Indarrek orduan jasotzen zuten presioa da. Errebantxa gose gizatiarra zuten", '60 minutos' saioarentzat esan duenez.

1983tik 1987ra, indarrean egon zen lau urteetan, 27 hildako eragin zituen talde parapolizialaren ekintzen inguruan, hau esan du Amedok: "Bere egitekoa bete zuen, nahiz eta etikaren eta moralaren ikuspegitik zalantzagarria den. Hala ere, gertakari horiek ez ziren inoiz gertatu behar izan". "Ez nuke neure burua horrelako egoera batean berriz nahasiko", erantsi du polizia ohiak.

Amedoren ustez, "Frantziak ETA nola babesten zuen ikusita sentitzen zuen ezintasunaren aurrean, gizarteak GALen ekintza gehienak txalotzen zituen, dudarik gabe".

Joxean Lasa eta Joxi Zabala mugaren bestaldera ihes egin zuten ETAko kideak 1983an bahitu zituzten, eta gero torturatu eta hil zituzten. 2000. urtean, 365 urteko kartzela zigorra ezarri zieten guztira Julen Elgorriaga, Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayori, erantzule gisa. Gaur egun, bostetako bat ere ez dago kartzelatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia bideoak ETA albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa GAL