Politika -

GAL-en lehen biktimak

Lasa eta Zabala: 30 urtean kareak gomutatik desagerrarazi ez duena

Joxean Lasa eta Joxi Zabala GALek utzi zuen 27 hildakoren zerrendako lehenengoak izan ziren. Egun, 30 urte geroago, argitu gabe jarraitzen du nork gidatu zuen makineria parapolizial ilun hori.

Joxean Lasa eta Joxi Zabala, GALek hildako euskal iheslariak. Argazkia: EiTB.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala, GALek hildako euskal iheslariak. Argazkia: EiTB.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala, GALek hildako euskal iheslariak. Argazkia: EiTB.

Natxo Velez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baiona, La Cumbre Donostiako jauregia eta Busot Alacanteko herria. Geraleku anker eta helmuga lazgarri horiek izan zituen Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artano euskal iheslarientzat Estatuaren estoldetan diseinatu eta gauzatu zuten bidaia makurrak.

2000. urteko apirilaren 26an Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren arabera, GALek (Askapenerako Talde Antiterroristak) gidatu eta gauzatu zuten bi gazteen patua; zehatz-mehatz Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibilak, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko Intxaurrondoko kuarteleko komandanteak, Angel Vaquero kapitainak, Enrique Dorado sarjentuak eta Felipe Bayo agenteak. Egun, bostetako bat ere ez dago kartzelan, nahiz eta 365 urteko kartzela zigorra ezarri zieten guztira, mendea hasteko bezperatan egindako epaiketa amaiezin eta aztoratzailean.

Baiona-Donostia

GALen gerra zikinaren 27 biktimako zerrendan lehenengoak 20 eta 21 urteko bi tolosar ziren, mugaren bestaldean babestuta oso denbora gutxi zeramatenak. Hala ere, Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko arrain handiak Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibilari gazteak desagertu ziren gauean bertan esan zionez, "bi arrain ertain" ziren Lasa eta Zabala, haien begietara: "Bi arrain ertain jausi dira", esan zion Galindo komandanteak Elgorriagari, hitzez hitz, Oñatin atentatu bat izan ostean Arrasateko ospitaletik Donostiara bueltan zihoazela, duela 30 urteko urriaren 16ko goizalde horretan bertan. Poliziaren txostenen arabera, Lasa eta Zabala ETAren Gorki taldeko kideak ziren; fitxetan agertzen denez, Tolosan "indarra erabiliz lapurreta" eta "triskantza eragin zuen sute bat" egin izana leporatzen zioten Lasari, eta lapurreta hori egin izana, berriz, Zabalari.

Lagun baten autoa hartzera zihoazela atzeman zituen norbaitek, inork oraindik argitu gabeko makineria ilun baten lehen lerroko kideren batek, 1983ko urriaren 15eko gauean, Baiona Ttipian, Tonneliers karrikan, ibilgailu susmagarri bat beren atzetik ikusi zutela-eta iheslariek zentzumenak zorrotz zituztela, eta Donostiara eraman zituzten, Barne Ministerioaren jabetzakoa zen jauregi batean galdeketa amaigabeak egitera eta torturapean informazioa ateratzera. Hiru hilabete geroago, 1984ko urtarrilaren 21ean, izan zen ostera ere haien berri, maluruski: gizon batek Radio Alacantera deitu zuen egun horretan, GAL talde parapolizialaren izenean, bezperan Alacanteko eremu batean bi gazteak hil zituztela esateko; hil aurretxoan apaiz bat eskatu zutela baina, merezi ez zutelakoan, ukatu egin zietela erantsi zuen, gorpuak Busot herrian zeudela esan eta eskegi aurretik.

Jean Chalvidant kazetariak bahiketa nola gertatu zen gogoratu du (gaztelaniaz)

Alacant

Aho-begiak oihalez estalita eta eskuak lotuta zituztela eraman zituzten Alacanteko herri bateko eremu huts batera bi gazteak, lehenengo autoz eta gero oinez, Doradok, Bayok eta beste hainbat pertsonak, epaian irakur daitekeenez. Han, Browning pistola batez, Lasari buruan tiro bat eman zioten, eta Zabalari bi. Hildakoan, beraiek zulatutako hobietara bota zituzten hilotzak, eta 50 kilo lur eta karez estali zituzten, azkarrago desegiteko.

Dena estalita, isilik, geratu zen orduan gainerakoen begietara, 50 kilo karez ehortzitako gorpuak bezala, mutu; kare biziak gertatutakoaren oihartzuna jan zuen, eremu galdu idor batean hobiratutako gorpuzkiak bezala.

Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, haren azken orduak irudikatu ditu (gaztelaniaz)

Urtebete geroago aurkitu zituzten gorpuak, ustekabean: Ramon Soriano izeneko herritar batek basapiztiek lurretik sakabanatutako gorpuzkiak, hezurrak, aurkitu zituen ehizan ari zela, baita, lurraren higadurak eta denboraren joan tai gabeak errukigabe azaleratuta, hildakoen hezurdurak gordetzen zituzten zuloak ere. Ondo kontserbatuta zeuden gorpuzkiak, ironikoki, kareari berari esker. Francisco Etxeberriak azaldu duenez, kareak eta gorpuek odol bolumen handia galdu izanak ehunak momifikatzea ekarri zuen, deshidratatzea, eta, hartara, ia ezin hobeto gorde ziren hilotzak.

Hilotz biluzietan eta haien inguruan, merkromina arrastoak, bendak, gasak eta bestelako hondar batzuk zeuden, eta horrek eta beste hainbat zantzuk, azkazalik ez izateak berbarako, gazteek torturak jasan zituztela eta zauri larriak egin zizkietela pentsarazi zioten Antonio Bru auzitegi medikuari duda izpirik gabe, txosten izugarri batean idatzita utzi zuenez.

Gorpuok ez zituzten identifikatu, eta hamar urtez egon ziren Alacanteko udal hilerrian, ausaz, norbaitek ez zuelako hezurtegira botatzeko agindua bete, harik eta 1995ean Jesus Garcia Garcia polizia, GALen jardunbideari eta talde horrek desagerrarazitako pertsonei buruz hedabideetan egun horietan irakurritakoak bultzatuta, korapiloa askatzen hasi zen arte.

PSOEren aurkako hauteskunde lehian, PPk lehen lerrora atera zituen gerra zikinaren ingurukoak, sozialistei kalte egin nahian. Ondorioz, GALek, gorpuak desegiteko, hildakoak karetan lurperatzen zituela jakin zuen Garciak orduan, eta datu horrek eta beste askok hiriko hilerrian zeuden bi gorpuak Lasa eta Zabalarenak izan zitezkeela ondorioztatzera eraman zuten: desagertuen zerrendaren eta gertakarien daten berri jaso, eta Alacanten gorpuen ondoan aurkitutako balak eta GALek beste zenbait hilketatan erabilitakoak berdinak zirela jakin zuen, besteak beste. 1999an, Auzitegi Nazionalean Lasa eta Zabala auzia dela eta deklaratzen ari zela, hil zen Garcia, bihotzekoak jota. Hala ere, lau urte lehenago, 1995eko martxoan, haren ekimenak eta Francisco Etxeberria auzitegiko medikuaren lanak ez zuten dudarik utzi, eta gerra zikinaren atal ilunenetakoa argitzeko urrats nagusia egin zuten: Lasa eta Zabalarenak ziren, zalantzarik gabe, hilotzak.

Euskal Herria

Gorpuak identifikatutakoan, berriak kaleak inarrosi zituen Euskal Herrian, eta protestak eta amorrua bala-bala zabaldu ziren kaleetan. 1995eko ekainean, Lasaren eta Zabalaren gorpuak Euskal Herrira ekarri zituztenean, giroa erabat gaiztotuta zegoen. Polizia Nazionala Hondarribiko aireportuan gorpuen zain zeudenei oldartu zitzaien, eta, ordu batzuk geroago, Ertzaintzak bi hildakoen senideen aurka egin zuen, bortizki, Tolosako hilerrian, hiletan bertan, Carlos Bueren instrukzio epaileak gorpuei inolako omenaldirik ez emateko eta zuzenean ehorzteko agindu eta gero; dozenaka pertsona zauritu ziren.

Madril

Auziak bide amaigabe eta nahaspilatsua egin du auzitegietan zehar. 1993ko martxoan hasi zuen instrukzioa Carlos Bueren epaileak, eta hurrengo urteko urtarrilean, horrek eszedentzia eskatu eta gero, Gomez de Liaño epaileak hartu zuen kasuaren ardura. Epaile horrek Galindo, Elgorriaga, Dorado, Bayo, Vaquero, Rafael Vera Segurtasuneko estatu-idazkaria, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko tenientea eta Jorge Argote Barne Ministerioko abokatua auzipetu zituen.

2000ko urtarrilaren 19an, Txofo izeneko lekuko babestu batek adierazpen garrantzitsua egin zion epaileari: Dorado sarjentu ohiak, Txofok kontatu zuenez, Bayorekin batera kasuan parte hartu zuela aitortu zion. Egun batzuk geroago, Elgorriagak bera eta Rodriguez Galindo hilketan nahasita zeudela baieztatu ziola esan zuen Lopez Carrillo poliziak.

Azkenik, 2000. urteko apirilaren 26an, Auzitegi Nazionalak epaia kaleratu zuen: Galindo eta Elgorriagari 71 urteko zigor bana ezarri zien, Vaquerori 69koa, eta Doradok eta Bayok 67 urte eta zortzi hileko zigor bana jaso zuten, bi hilketa eta legez kanpoko bi atxiloketa egiteagatik. Vera eta Argote, ostera, errugabetzat jo zituzten.

Handik hilabete batzuetara, Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko epaileak lau urte gehiagoko zigorra ezarri zien errudun guztiei, kargu publikoa baliatu izana astungarria zela iritzita, eta 2002ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak erabaki hori berretsi zuen.

Estrasburgo

2010eko azaroaren 2an, prozesuak Europaren bermea jaso zuen: Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Justiziaren, hiru auzitegien, erabakiak berretsi zituen. Europa mailako erakundearen arabera, bildutako frogak errugabetasun presuntzioa hausteko nahikoak ziren eta defentsarako eskubidea bermatuta egon zen prozesuan.

Epilogoa

Zigor horietatik, baina, oso zati txikia bete dute zigortuek. Kartzelan denbora gehien egin dutenak Bayo eta Dorado dira: 1995ean sartu zituzten kartzelara, eta 2002an hirugarren gradua onartu zieten. Elgorriaga, bestalde, 2000. urtean sartu zuten Alcala-Mecoko kartzelan, eta urtebetegarrenean askatu zuten Gipuzkako gobernadore zibil ohia, osasun arazoak tarteko. Galindok eta Vaquerok ere oso denbora gutxi egin zuten espetxeratuta. Lehenengoa 2004an atera zuten kartzelatik, zigorra etxean betetzeko, eta 2005ean hirugarren gradua ezarri zioten. Egunotan, baldintzapeko askatasuna eman diote, "portaera ona" erakutsi duelako. Vaquerori, bestalde, 2005ean eman zioten erregimen irekia.

Pili Zabalak auziaren ondorio judizialen gaineko hausarketa egin du (gaztelaniaz)

Kareak ez zuen balio izan Lasa eta Zabalaren gorpuak Alacanteko eremu idor hartan betiko ezkutatzeko, egia erabat estaltzeko, eta lainotza trinko batek auziaren erantzukizun politikoak eta judizialak nabarmen lausotu, mugatu eta desagerrarazi zituen; erantzukizun gutxi batzuk, gomuta eta zauri asko soilik geratu ziren agerian, kareak eta denboraren joanak desagerrarazi gabe.

Felipe Gonzalez: "Zuzenbide estatuaren alde estoldetan ere egiten da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostiako azken albisteak Gipuzkoako albisteak Espainia Euskadi Ta Askatasuna albisteak Baionako argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimak GAL albisteak