Politika -
Zerga ituna
3 lurraldeek onartuko dute zerga ituna, baina bide ezberdinen bidez
EH Bilduk EAJ, PSE-EE eta PPk adostutako zerga itunarekin bat egin ezean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Orokorrek bide ezberdinak erabiliko dituzte araua onartzeko.
Erredakzioa
EAJ, PSE-EE eta PPk hitzartutako zerga ituna hiru lurraldeetako Batzar Orokorretan aurrera aterako da. EH Bilduk itunarekin bat egin ezean, akordioa onartzeko bide bide ezberdinak erabiliko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Akordioarekin bat egin duten alderdietako ordezkariek Efe agentziari jakinarazi diotenez, Bizkaia eta Araban foru-gobernuek bultzatuko dute proposamena Batzar Orokorretan. Gipuzkoan, berriz, beste ibilbide bat jarraituko du proposamenak.
EH Bilduk akordioarekin bat egin ezean, proposamena bi bidetatik heldu daiteke Batzar Orokorretara. Koalizio abertzaleak fiskalitateari buruzko foru araua aurkeztu dezake, edo EAJ, PSE eta PPk foru arauaren proposamena aurkeztu dezakete.
Koalizioak foru araua izapidetuz gero, oposizioko hiru alderdiek testuari zuzenketak egin eta araua aurrera ateratzea lortuko lukete. Dena dela, EAJ, PSE eta PPk gogoratu dute zerga itunean parte hartzeko ateak irekita dituela EH Bilduk, akordioaren edukia "desnaturalizatzen" ez duen bitartean. Koalizioak proposamenak egiteko tartea duela onartu dute alderdiek.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Orokorrek urtea amaitu baino lehen onartu behar dute araua. Beranduenez, urteko lehen astean onartu ahal izango dute, aldaketak 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean sar daitezen. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, Arabako Batzar Nagusietan izapidetzen hasiak ziren proposamena atzera botako dute eta EAJ eta PSErekin hitzartutako akordioarekin bat datorrena aurkeztuko dute hilabete honetan.