Politika -
Hitzarmena
PPk bat egin du EAJren eta PSE-EEren arteko itun fiskalarekin
Jeltzaleek eta sozialistek akordioaren hainbat puntu aldatzea onartu dute, PPren babesa lortzeko.
Erredakzioa
Hainbat egun negoziatzen eman ostean, PPk bat egin du azkenean EAJk eta PSE-EEk sinatutako itun fiskalarekin, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak iragarri duenez.
Horren esanetan, baina, oraindik ere hainbat "zehaztasun" negoziatu behar dira, Batzar Nagusietara bidaliko dituzten testu zehatzak, kasu.
PPk horiekin bat egiteko, jeltzaleek eta sozialistek euren akordioaren hainbat puntu aldatzea onartu dute, elkarteen gaineko zergaren, aurrezki errenten eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ingurukoak, besteak beste.
Gasteizen egindako agerraldian, PPk egindako ekarpenari esker zerga igoera txikiagoa izango dela azpimarratu du De Andresek.
Akordioaren 'onurak'
Negoziazioa "ona" izan dela iritzi dio Arabako ahaldun nagusiak, eta akordioak "onura" asko ekarriko dituela esan du. "Aurrezki zergen tratamenduaren moderazioa eta familia ugarientzako eta gazteentzako alokairuzko eta jabetzako etxebizitzei aplikaturiko zerga igoeraren moderazioa" adostu dituzte, horren arabera.
Bizkaian eta Araban egitasmo berri bat aurkeztuko dute, hiruko akordioan adostutakoa jasotzeko. Gipuzkoan, berriz, alderdiek jakinaraziko duten "formula" berri bat erabiliko dute, De Andresen hitzetan.
2014ko Aurrekontuekin loturarik ez
"Alderdi guztiek zerbaiti uko egin behar izan diogu". De Andresek zehaztu du itun fiskalak ez duela loturarik 2014. urteko Aurrekontuen inguruko negoziazioarekin. Jaurlaritzak bere egitasmoa aurkeztu ondoren hasiko dira datorren urteko aurrekontuei buruz hitz egiten.
Akordioa fiskalitatearen ingurukoa dela azpimarratu du De Andresek. Izan ere, bere alderdiak ez du EAJren eta PSE-EEren arteko hitzarmen ekonomikoa bere osotasunean babestuko.
Hiru alderdien arteko "ulermena" ere azpimarratu nahi izan du Arabako ahaldun nagusiak. EH Bildu koalizioa hitzarmenetik kanpo geratu da. Alderdi Popularrak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusietan itun fiskalaren aldeko botoa emango du. Horrenbestez, hiru erakunde horietan akordioa onartzea lortuko dute.
Berrikuntzak
Aurrezkien errentei dagokienez, PPk beste tarte bat sartzea lortu du, zero eta 2.500 euro artekoek % 20ko zergak ordain ditzaten, % 21ekoak barik, tratamendu "hobea" eskaintzeko.
Etxebizitza erosi edo alokatzeagatik ematen zen kreditu fiskalari eutsi diote, baina gazteei eta familia ugariei ezartzen zitzaien kenkari erantsia ere mantenduko dute.
De Andresek nabarmendu duenez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) ekintzaileek onurak izateko modua aztertzen ari dira hiru aldeak. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, lanpostu berriak sortzeagatik kenkariak aplikatuko dira, Alderdi Popularrak egindako proposamenari jarraiki.