Politika -
ETAren aurkako gerra zikina
Rodriguez Galindo aske, 'jarrera ona' duelako
Guardia Zibileko jeneral ohiak baldintzapeko askatasuna lortu du zigorraren hiru laurdenak bete eta gero. Galindo Lasa eta Zabala auzian zigortu zuten.
Erredakzioa
Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiak baldintzapeko askatasuna lortu du zigorraren hiru laurdenak bete eta gero, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Galindo Lasa eta Zabala auzian zigortu zuten.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak eman dio baldintzapeko askatasuna, "jarrera ona" duelako.
2004an zigorra kartzelatik kanpo betetzeko baimena eman zion Espetxe Zuzendaritzak Galindori, eta 2005eko urtarrilean hirugarren gradua eman zioten.
Rodriguez Galindo ETAren kontrako borrokan Guardia Zibileko jeneralik ohoratuena izan zen, baina 75 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala ustezko ETAko kideen bahiketan eta hilketan parte hartzeagatik.
2001ean ezarri zion espetxe zigorra Auzitegi Gorenak Tolosako bi errefuxiatuak bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Baina lau urte eta lau hilabete egin ditu espetxean. 2004a ezkeroztik, bihotzeko gaixotasunagatik etxean ari zen betetzen kartzela aldia, poliziaren zaintzapean. Orain, zigorraren hiru laurdenak bete dituela argudiatuta, baldintzapeko askatasuna eman dio Galindori Jose Luis Castro epaileak. Berak izendatutako senitartekoak zaintzeko baldintza jarri dio, non bizi den esatea, eta aldatu ezkero, jakinaraztea.
Lasa eta Zabala auziko epaiketan, 73 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak Angel Vaquero Guardia Zibilaren teniente koronelari, eta 71 urtekoa Galindori, Julen Elgorriaga Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoari eta Vayo zein Leal guardia zibilei.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala, laster 30 urte, 1983ko urriaren 15ean bahitu zituen GALek Baionan. Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zituzten eta Galindo jeneralak aginduta, torturatuak izan ziren. Hortik Alacant-eko Bussot herrira eramateko agindua eman zuen. Han hobi bat egin eta tirokatu egin zituzten, hil arte. Ondoren, kare bizitan lurperatu zituzten.1985ean aurkitu zituzten gorpuzkinak, baina ezin izan zituzten identifikatu. Hamar urte pasata, jakin zuten gorpuak Lasa eta Zabalarenak zirela.