Politika -

DESANEXIOA IGELDON

Igeldoren desanexioaren inguruko galdeketa azaroan 10ean izango da

Emaitza ez da loteslea izango, ezta Donostiako udalbatzarraren iritzia ere, baina jadanik desadostasuna azaldu du zatiketa horren inguruan.

Garbiñe Errekondo, Arantza Ruiz de Larrinaga eta Ramon Urruzmendi prentsaurrekoan. Argazkia: Efe.
Garbiñe Errekondo, Arantza Ruiz de Larrinaga eta Ramon Urruzmendi prentsaurrekoan. Argazkia: Efe.
Garbiñe Errekondo, Arantza Ruiz de Larrinaga eta Ramon Urruzmendi prentsaurrekoan. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igeldoren balizko desanexioaren inguruko galdeketa izango da azaroaren 10ean, igandea. 16 urtetik gorako igeldoarrek izango dute parte hartzeko aukera, baina emaitza ez da loteslea izango.

Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatuak, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak eta Ramon Urruzmendi Igeldoko Herri Kontseiluko kideak gaur eman dute galdeketaren dataren berri Donostian izandako prentsaurreko batean. Bilduren foru gobernuak bultzatu du kontsulta, Igeldoko herritarrekin elkarlanean.

"Igeldo udalerri izatea nahi duzu?" izango da erantzun beharko den galdera. Horretarako eskubidea izango dute irailaren 30a baino lehenagotik Igeldon erroldatuta dauden eta kontsulta hasi aurretik hamasei urte beteta dituzten pertsonek. Galdeketa 09:00etatik 20:00etara egingo da, eta Itsas Aurre Kultur Etxean eman ahal izango da botoa.

Foru arduradunek adierazi dute mahaia osatzeko lanetan dabiltzala, eta Donostiako Udalean ordezkariak dituzten alderdi politiko guztiei egin zaiela parte hartzeko gonbidapena.

Errekondok zehaztu du galdeketaren emaitza ez dela loteslea izango, ez baita erreferendum bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak, araudiaren arabera, Gobernu zentralari baimenik eskatu gabe burutu dezakeen kontsulta bat baizik. Dena den, Errekondok nabarmendu du Donostiako Udalak auzi horren inguruan duen iritzia ere ez dela loteslea. Igeldoren desanexioaren inguruan desadostasuna erakutsi du Udalak PSE, PP eta EAJren botoekin, baina erabakitzeko ahalmena duen bakarra Gipuzkoako Aldundia da, eta honek ikuspuntu guztiak hartuko ditu kontuan.

Bestalde, Ruiz de Larrinagak azaldu du Gipuzkoako Aldundiak bultzatzen duen lehen galdeketa dela, eta Igeldoko bizilagunei "jarduera demokratiko" horretan parte hartzeko deia egin die.

Galdeketa egin aurretik, prozesu informatibo bat jarri dute abian. Mahai-inguru eta bilerak izango dira Igeldon, eta liburuxka bat banatuko zaie bizilagunei, Igeldoren desanexioa aurrera atera eta Aldundiak onartuko balu, zer gertatuko litzatekeen azalduz.

Kontuan hartu behar da, legearen arabera, 1.001 eta 2.000 biztanle arteko herrietan (Igeldok 1.074 biztanle ditu), bederatzi zinegotzi behar direla legez udalerria gobernatzeko. 5.000 bizilagunetik beherako herriek, aldiz, alkatea, alkateordea, kontu batzordea eta udalbatzarra behar dituzte, baina badute organo gehiago sortzeko aukera ere.

Igeldo Amezketa eta Berastegi bezalako herria izango litzatekeela zehaztu du Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, eta bi udalerri horiek 900.000 euro inguruko diru-sarrerak izaten dituztela azpimarratu du. Kopuru horretatik, % 61 Aldundiaren eskuetatik jasotzen dute, eta % 39 zerga eta udal tasetatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak