Politika -

LOMCE

LOMCE legea Kongresuko Osoko Bilkurara heldu da

Alderdi Popularraren babesa duen hezkuntza erreformak jasotzen duenez, gaztelania komunikazio-hizkuntza izango da eta irakasleak agintari publikoak izango dira.

Hezkuntza Batzordea. Argazkia: EFE
Hezkuntza Batzordea. Argazkia: EFE
Hezkuntza Batzordea. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko Hezkuntza Batzordeak argi berdea eman dio Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoari, hau da, LOMCE legeari. Alderdi Popularraren babesa bakarrik izan du legeak. Jasotzen denez, gaztelania komunikazio-hizkuntza izango da eta irakasleak agintari publikoak izango dira

PSOE, CiU, Ezker Anitza (IU-ICV-CHA), UPyD, EAJ-PNV eta BNG legearen aurka agertu dira. Asturiaseko Foroa, berriz, abstenitu egin da. Orain, Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkurak onartu beharko du legea eta ondoren, Senatura helduko da. Dirudienez, urriaren 10en helduko da testua Kongresura. Aurreikuspenen arabera, azaro amaieran edo abendu hasieran onartuko da legea.

Gobernuak aurketutako testuari 770 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote. Bozketan ez da PSOE, CiU eta EAJ-PNVk aurkeztutako zuzenketarik onartu eta UPyDk aurkeztuta bi jaso dira. Hiru egunez eztabaidatu du Hezkuntza Batzordeak LOMCE legearen inguruan. Oposizioaren gehiengoa hezkuntza erreformaren aurka agertu da.

PSOE,  CiU, Ezker Anitzak eta EAJ-PNVk uztailean sinatutako manifestua irakurri dute eta Kongresuko gehiengoa aldatu ondoren legea bertan behera uzteko konpromisoa hartu dute.

Gaztelania komunikazio-hizkuntza

Onartutako zuzenketen artean, PP eta UPyDk adostutakoa dago. Horren arabera, Estatu osoan gaztelania izango da komunikazio-hzkuntza. CiU erabaki horren aurka agertu da eta PPri "demokraziaren aurrekoa" izatea leporatu dio. "Kataluniako hezkuntza ereduaren alde egindako lana bertan behera botatzen" saiatzea leporatu dio.

Alderdi Popularrak eta UPyDk ere adostasuna lortu dute zuzendaritza eta irakasleak agintari publiko moduan izendatzen dituen xedapenari. Alderdi Sozialista aurka agertu da, gai hori Irakaslearen Estatutoan eztabaidatu nahi zuen eta.

Zuzendarien izendapenaren inguruan ere adostasunera heldu dira PP eta UPyD. Zuzendaritza taldeak berritzeko aukera jaso dute, beti ere, egindako lanaren inguruko ebaluaketa egin ondoren.

Batxilergoko ikasketen antolaketan, Unibertsitaterako sarrera prozesuetan eta Lanbide Heziketan behar bereziak dituzten ikasleen inguruan PP eta ERC alderdiak hitzartutako zuzenketa ere aurrera atera da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak LOMLOE hezkuntza legea Alderdi politikoak albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak