Politika -

Legebiltzarreko osoko bilkura

Itun fiskalaren oinarriak onartu dituzte EAJk eta PSEk, babesik gabe

PP abstenitu egin da, EH Bilduk ez du bozketan parte hartu eta UPyDk akordioaren zenbait atal bakarrik babestu ditu.

Eztabaida Legebiltzarrean egingo dute. EFE.
Eztabaida Legebiltzarrean egingo dute. EFE.
Erreforma fiskalaren oinarriak onartu dituzte EAJk eta PSEk

3:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk fiskalitate mailan sinatutako akordioaren oinarriak onartu ditu ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, jeltzaleen eta sozialisten babesarekin bakarrik. Izan ere, PP abstenitu egin da, EH Bilduk ez du bozketan parte hartu eta UPyDk akordioaren zenbait atal bakarrik babestu ditu.

Fiskalitatearen inguruko saio monografikoa egin du Eusko Legebiltzarrek gaurkoan, eta, bertan, 113 proposamen aurkeztu dituzte taldeek: EAJk eta PSE-EEk 32 proposamen eraman dituzte Gasteizera, elkarrekin; EH Bilduk 30 aurkeztu ditu; PPk, proposamen bakarra; eta UPyDk, berriz, 50.

Azkenean, jeltzaleen eta sozialisten 32 proposamenek bakarrik egin dute aurrera, eta, hala, beren itunaren oinarriek aurrera egin dute Legebiltzarrean.

Neurriek, edonola ere, ez dute gainerako taldeen ezezko botorik jaso: PP abstenitu egin da eta EH Bilduk ez du bozketan parte hartu. Koalizioak, baina, azaldu egin du bozketan parte hartu izan balu ezezko botoa emango zukeela.

Itunarekin bat egitea baztertu dute berriz PPk eta EH Bilduk

Eztabaidan zehar, jeltzaleek eta sozialistek aurkeztutako erreforma fiskalarekiko desadostasunak berretsi dituzte PPk eta EH Bilduk, azken asteotako jarrerari eutsiz. Ondorioz, egungo baldintzetan, itunarekin bat egitea baztertu dute.

EH Bilduren hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako neurriekin alderatuta ''atzera'' egitea litzatekeelako.

PPren ustez, bestalde, jeltzaleek eta sozialistek defendatzen dituzten neurriek zergen igoera ekarriko lukete, baita maila ertainetan ere.

PP abstenitu egin da eta EH Bilduk ez du parte hartu

Neurriek duten ''izaera'' generikoagatik erabaki du PPk abstentzioaren alde egitea, negoziatzen jarraitzekoa aukerari ateak ixten ez dizkiola islatuz.

Ildo horretan, gaurko osoko bilkura "itxurak egiteko" dela salatu du Laura Garrido Alderdi Popularreko legebiltzarkideak. "Batzuen premiek eta beharrizanek antzezpen berri batera ekarri gaituzte", adierazi du Garridok. "Batzuk koherenteak izan gara eta beste batzuk, ostera, beste zereginetan aritu dira", erantsi du. "Akordioa zabalik dagoela diote, baina euskal herritarrek itun itxia dela badakite, batzuek bertan bakarrik egotea eskatu dutelako", azaldu du PPko ordezkariak.

EH Bilduk, bestalde, protesta neurri gisa erabaki du bozketan parte ez hartzea. Izan ere, aurkeztutako 30 proposamenak banan-banan bozkatzea eskatu du koalizioak, baina Legebiltzarreko presidenteak denak elkarrekin bozkatzeko erabakia hartu du.

Elkarrizketarako borondatea berretsi dute EAJk eta PSEk

Bai EH Bilduk bai PPk itun fiskalarekin bat egin dezaten elkarrizketarako borondatea berretsi dute EAJk eta PSE-EEk. Hala, ''lagapenak'' egiteko prest ere agertu dira jeltzaleak, eta akordioa zabaltzeko aukerarik badela azpimarratu dute.

Gainerako proposamenek ez dute aurrera egin

Jeltzaleen eta sozialisten proposamenak izan dira ostegun honetako saioan aurrera egin duten bakarrak.

Hala, EH Bilduk 30 proposamena aurkeztu ditu, horietatik zenbait fiskalitate mailan Euskadin ''subiranotasuna'' lortzearen aldekoak. Zerga zehatzen inguruan, berriz, Gipuzkoan dagoeneko indarrean dauden eta EH Bilduk eta sozialistek adostutako hainbat neurri jarri dituzte mahai gainean. Ez dute aurrera egin.

PPk proposamen bakarra aurkeztu du, eta horrek ere ez du aurrera egin. Bertan, jarduera ekonomikoa suspertzea eta enplegua sortzea bultzatuko duen politika fiskala defendatu du. Halaber, zerga kontuetan aldundiek dituzten eskumenak errespetatzearen alde egin dute.

UPyDk, azkenik, 50 proposamen eraman ditu Legebiltzarrera. Erreforma fiskala "ezinbestekoa" dela esan du Maneirok, "gehien duena delako gehien ordaindu behar duena". Gainera, iruzurraren aurkako egitasmo bateratu bat eskatu du UPyDko legebiltzarkideak. Horrela, ogasunen arteko datuak partekatzeko sistema indartzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal sozialistak PP Araba Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zergak gaur