Politika -

Osoko bilkura monografikoa

EAJ eta PSE: 'Itunak ez du gehiengoaren zerga igoera aurreikusten'

EH Bilduk ez du Gipuzkoako erreforma fiskalean "atzerapausorik" emango. PPren ustez, EAJ-PSE itunak "klase ertainari" eragingo dio.

Eztabaida Legebiltzarrean egingo dute. EFE.
Eztabaida Legebiltzarrean egingo dute. EFE.
EAJ eta PSEk argi utzi dute gehien dutenek gehiago ordainduko dutela

1:54

I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeltzaleen eta sozialisten arteko itun fiskalak ez duela herritarren gehiengoarentzat zerga igoerarik ekarriko defendatu dute EAJren eta PSE-EEren bozeramaileek fiskalitatearen inguruko saio berezian. Ia lau orduz, legebiltzarkideak eredu fiskal berriaz aritu dira Gasteizko Legebiltzarrean. EAJk eta PSE-EEk itun fiskala izan dute hizpide, eta EH Bilduk eta PPk hitzarmena kritikatu dute. Osoko bilkura 15:30etan hasiko da berriro, taldeen proposamenak entzuteko eta bozketa egiteko.

PSEk itun fiskalaren aurkako 'beldurraren kanpaina' salatu du

Fiskalitatearen inguruko osoko bilkura monografikoa Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen agerraldiarekin hasi da. EAJrekin sinatu berri duten itun fiskalaren aurka martxan jarritako “beldurraren kanpaina” salatu du Pastorrek. Horrez gain, akordio horretan aurreikusten den zerga igoerak herritar "gehienei" ez diela eragingo azpimarratu du.

Sozialistek defendatuko duten proposamen fiskalak 90.000 eurotik behera irabazten duten langileen errentak berdin mantentzea defendatzen duela adierazi du.

Herritar “gehienek” zerga berdinak ordainduko dituztela nabarmendu du eta, etorkizunean, lan eta kapital errentak elkarrekin zergapetzearen alde egin du, egungo sistema “bidegabea” dela argudiatuz.

Bestalde, martxan jarritako “beldurraren kanpaina” salatu du. “Zergen igoerari edo jaitsierari buruz hitz egitera etorri garela uste dute batzuek, baina gu ez gara horretara etorri”, gaineratu du.

EAJ: 'Proposamenak ez du zergen igoera orokor bat aurreikusten'

Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, PSErekin sinatu duten hitzarmenak ez du zerga igoera “orokor” bat aurreikusten eta ez ditu beste erakundeen eskumenak urratzen. Horrez gain, gainerako alderdien babesa lortzeko “malguak” izateko prest daudela gaineratu du.

Gorosperen hitzetan, EAJ-PSE ituna krisi ekonomikotik irteteko eta zerbitzu publikoak sostengatzeko “aurrerapauso” handia da.PSEko bozeramailearekin bat egin du Gorospek zerga igoeraz aritu denean. Alderdi bi horien arteko hitzarmenak zerga igoera orokorrik aurreikusten ez duela esan du eta gehien irabazten dutenei eragingo diela zehaztu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eskumenetan aldaketarik ez dutela martxan jarriko nabarmendu du. Izan ere, zergen inguruko erreforma Batzar Nagusiek onartu beharko dute.

EH Bilduk ez du Gipuzkoan "atzerapausorik emango'

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak esan du koalizioak ez duela Gipuzkoan indarrean sartutako erreforma fiskalean “atzerapausorik emango”. Euskadik arlo fiskalean, osasun sisteman, hezkuntzan edo pentsioetan “erraminta” guztiak izateko “burujabetza” beharrezkoa izango dela adierazi du.

EH Bilduk Gipuzkoan martxan jarritako zerga sistema defendatu du Beitialarrangoitiak, baita Euskal Herriko burujabetzaren alde koalizioak aurkeztu berri duen “euskal bidea” eklmena ere.

EAJren eta PSE-Eeren arteko itun fiskala kritikatu du EH Bilduko ordezkariak. Erreforma horren “benetako helburua egungo sistema indartzea” dela salatu du, eta ez ez eredu “justu eta solidario” bat martxan jartzea.

Jeltzaleen eta sozialisten proposamenarekin zama handiena “langileengan eroriko” dela uste du Beitialarrangoitiak, ez dituelako lan eta kapital errentak maila berean jartzen.

PP: 'Itunak klase ertainari eragingo dio batez ere'

EAJri eta PSE-EEri “koldarrak” ez izateko eta itun fiskalak “batez ere klase ertainari” eragingo diola onartzeko eskatu die Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak. “Familia guztiei eragingo die eta euskal ekonomiari ez dio bultzadarik emango”, nabarmendu du.

Gaurko eztabaida “zergatik” egin duten galdetu du PPko ordezkariak. Damborenearen ustez, PSE-EEk lehendakari egindako exijentzia izan da bilkura egitea, ordainean sozialistek 2014. urteko aurrekontuak babesteko.

“Hau ez da fiskalitatearen inguruzko bilkura bat, ez gara fiskalitateaz hitz egitera etorri eta ez dugu zerga berririk onartuko; zuen arteko itunaren hurrengo aroaren aurrean gaude”, salatu du. Bestalde, duela urtebete Gipuzkoak indarrean jarritako itunaren copia bat dela salatu du PPk. EAJren eta PSE-Eeren proposamenak Araba eta Bizkaia Gipuzkoarekin “harmonizatzea” bilatzen duela berretsi du Damboreneak. “Horrek bi urte urte barru eragina izango du”.

UPyD: 'Erreformak porrot egingo du'

EAJ-PSE ituna ‘porrot egingo duen erreforma’ eta ‘galdutako aukera’ dela azpimarratu du Gorka Maneiro UPyDk bozeramaileak. Horren ustez, erreformak “huts” egingo du, fiskaliatearen inguruko eskumenak Batzar Nagusietan uztea aurreikusten duelako.

Hala ere, proposamenean “neurri positiboak” badirela onartu du Maneirok eta, horregatik, ebazpen proposamen modura bozkatzen badira onartu egingo dituztela iragarri du.

Gatzagaetxebarria: 'Prest gaude EH Bilduren eta PPren ekarpenak entzuteko'

Osoko bilkuran Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak ere hitz egin du. EAJ-PSE ituna defendatu du, “babes soziala, enpleguaren sorrera eta ekonomiaren suspertzea bateratzen dituelako”.

Eusko Jaurlaritza EH Bilduren eta PPren ekarpenak jasotzeko “prest” dagoela azpimarratu du eta horretarako etorkizunean egingo dituzten eztabaidetan “aukera” izango dutela gaineratu du.

Euskadik bizi duen egoera ekonomikoari buruz, oraindik ere “gune ilunak” daudela ohartarazi du, nahiz eta beste gune batzuk “argiak” izan.

LABek elkarretaratzea egin du

Kanpoaldean, LABek salatu du fiskalitatearen inguruko eztabaida “antzerki” bat besterik ez dela izango, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamenak “zehaztu gabe” daudelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa EAE albisteak PSE-EE Gipuzkoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zerga politika gaur