Politika -

Zergak

Fiskalitateaz eztabaidatuko du Legebiltzarrak, EAJ-PSE itunaren ostean

Jeltzaleen eta sozialisten jarrera itunean agertzen da, beraz, ez da haien aldetik ezustekorik espero. EH Bilduk ondare handien eta kapital errenten gaineko presioa indartzea eskatuko du.

Fiskalitatearen inguruko saio monografikoa hartuko du Legebiltzarrak. Argazkia: Efe
Fiskalitatearen inguruko saio monografikoa hartuko du Legebiltzarrak.
Ebazpenak prest Legebiltzarreko bilkuraren atarian

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan iritsiko da fiskalitateari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera; izan ere, osoko-bilkura monografikoa egingo dute gaiaren inguruan, EAJk eta PSE-EEk zerga-erreforma itundu eta egun gutxira.

Eztabaida 09:30ean hasiko da. eitb.com-ek jarraipen berezia egingo dio, eta zuzeneko irudiak eskainiko ditu Gasteizko Legebiltzarretik streaming bidez.

EAJk eta PSE-EEk eztabaida horretan izango duten jarrera jakina da, sinatu berri duten itunean agertzen baita, beraz, ez da aparteko ezustekorik espero bi alderdi horien aldetik. EH Bilduk iragarri du ez duela bat egingo itun horrekin, eta ikusteko dago PPk hartuko duen jarrera.

Koalizio abertzaleak neurri "zehatzak" proposatuko ditu ondare handien eta kapital errentaren gaineko presio fiskala areagotzeko, eta "anbiguotasuna" baztertu eta proposamenarekin bat egiteko eskatuko diete jeltzaleei eta sozialistei, zerga-sistema justuago baten alde daudela erakuts dezaten.

Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideek ez dituzte azaldu bihar aurkeztuko dituzten proposamenak, baina Gipuzkoako Aldundiak egindakoaren bidetik joango direla argitu dute.

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak, bestalde, jeltzaleekin adostutako zerga-erreformak enpresariak "ukituko" dituela azpimarratu du. Horren harira, enpresariei gogorarazi die "laguntzak" eskatzen dituztela, eta "inork zergak ordaindu nahi ez baditu, nondik aterako ditugu baliabideak?".

Anton Danborenea PPren Bizkaiko buru eta Legebiltzarreko popularren ekonomia alorreko bozeramaileak galdera bota die jeltzaleei eta sozialistei: ea adostutako neurriak "zuzenduko" ote dituzten EH Bilduk bat egin dezan.

Danborenearen ustez, biharko debatea "hutsala" da, eta EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa "irudikatzeko soilik" balioko du.

UPyDk finantza erakundeen gaineko Elkarteen Zerga % 3 handitzea eta zerga politikaren eskumena batzar nagusietatik Legebiltzarrera eramatea proposatuko du.

Gorka Maneiro Legebiltzarkideak iragarri du 50 proposamen aurkeztuko dituela eztabaida monografikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra Ekonomia berriak PSE-EE Bizkaia Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zerga politika gaur