Politika -
Elkarrizketa
Patxi Lopezek EAJrekin sinatutako akordioaren 'jarraipena' egingo du
Sozialistek Bildurekin Gipuzkoan adostutako neurri gehienak EAJrekin sinatutako akordioan “jasota” daudela nabarmendu du.
Erredakzioa
Bilduri ‘kantu foralak’ alde batera uzteko eta EAJk eta PSEk sinatutako itun fiskalaren inguruko kritikak “zehazteko” eskatu dio Patxi Lopez PSE-EEeko idazkari orokorrak. Itun horretako edukiak onartzen dituzten alderdiek edota eduki horiek negoziatu nahi dituztenek hitzarmenarekin bat egitea espero du Lopzek.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, sozialistek eta jeltzaleek adostutako hitzarmenaren garrantzia goraipatu du Lopezek.
“Iruzurraren aurkako borroka indartzearekin, EAEko hiru Ogasunen artean plan amankomunak martxan jartzearekin edota herritar bakoitzak dagokiona ordaintzearekin ados ez daudela esan dezatela”, adierazi du Lopezek.
Horrez gain, sozialistek Bildurekin Gipuzkoan adostutako neurri gehienak EAJrekin sinatutako akordioan “jasota” daudela nabarmendu du.
PPren jarrera eta popularrek zergak jaisteko egindako proposamena ulertzen ez dituela adierazi du Patxi Lopezk. “Nola lortuko du Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak egin beharreko politikak aurrera eramateko dirua? Ondo dago zergak jaistea eta gero beste norbaiti politika egiteko dirua eskatzea”, adierazi du.
Itunaren ‘jarraipena’ egingo du
PSE-EEko buruzagiak EAJrekin sinatutako akordioaren “jarraipena” egingo duela iragarri du. Horrez gain, sozialistek oposizioa egingo diote Jaurlaritzari, “baina ez errebantxa jarrera batetik”.
Oposizio “kritikoa” egingo dutela azpimarratu du, “alternatibak eta elkarrizketarako guneak proposatuz”.
Euskal Herriko autogobernuaren inguruan akordioak lortzeko prest agertu da Lopez, baina EAJri bere proposamenak zehazteko eskatu dio.
Indarrean dagoen Gernikako Estatutua abiapuntua izatea eskatuko dute sozialistek. Euskal Herriko independentziari buruz “adostutako galdeketa legala” egingo balitz arazorik ez lukeela izango gaineratu du.
San Mames Barria
Bestalde, San Mames Barriaren aurreneko partidara joateko gonbidapenik ez zuela jaso esan du Lopezek. “Ez ninduten gonbidatu, eta horrek harritu egin ninduen”, adierazi du.