Politika -
EAJ-PSE
Urkullu akordioa esparru gehiagotara hedatzeko prest agertu da
Itunak "egonkortasuna" ekarriko duela adierazi du lehendakariak. Bi alderdiek azken bederatzi hilabeteetan egindako lana ere goratu du, "Gobernu-oposizio jokoa alde batera utzita".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, EAJ - PSE ituna "talde ezberdinen artean" lortutako akordioa da, eta horrek egonkortasun politiko eta instituzionala ekarriko du Euskadira. Horrez gain, Urkullu akordio hori beste esparru batzuetara hedatzearen alde agertu da.
EHUko ikasturtearen inaugurazioan egindako hitzaldian, bi alderdiek azken hilabeteetan egindako lana azpimarratu du lehendakariak. Azken bederatzi hilabeteetan aurreakordioa lortzeko egindako lana goratu du, bi alderdiek "Gobernua eta oposizioaren ohiko jokoa alde batera utzi eta herri osora hedatuko litzatekeen akordio handi batean" pentsatzen ari direla gaineratuta.
"Akordio honek etorkizunera begiratzea dakar, eta horri balioa eman nahi diot", esan du Urkulluk.
Halaber, azken bederatzi hilabeteetan Jaurlaritzak "gaitzespenak eta aurpegiratzeak" alde batera uzteko konpromisoa bete duela adierazi du, "aurrera begiratu eta akordioak lortu behar ditugulako".
Lehendakariak aurreakordioaren zenbait puntu aipatu ditu, erreforma fiskala eta ekonomiari bultzada emateko ekintzak, besteak beste, eta helburua "denok batera aurrera egitea" dela gaineratu du.
"Ahalegin handiena"
Gauzak horrela, akordioa beste esparruetara hedatzeko konpromisoa hartu du Urkulluk eta "akordio instituzionala gauzatzeko ahalegin handiena" egingo duela iragarri du.
Era berean, eta EAEko erakunde nagusietako gobernuak gutxiengoan gobernatzen ari direla azpimarratu ondoren, "2014an egonkortasun ekonomikoa eta instituzionala" laguntzeko asmoa agertu du.