Politika -

Aurreakordioa

Erreforma fiskalak 1.500 milioi sortuko ditu, EAJren eta PSEren ustez

Jeltzaleek eta sozialistek lau "herri akordio" adostu dituzte. Besteak beste, enplegua sortzeko 6.290 milioi euroko plan bat sustatuko dute.

EAJren eta PSEren ordezkaritzak, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. EiTB
EAJren eta PSEren ordezkaritzak, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. EiTB
EAJk eta PSEk herri-akordioa itxi dute

3:49

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSEk aurreakordio bat itxi dute gaur, "krisitik atera eta enplegua sortzeko" helburuz.

Testuak lau "herri akordio" biltzen ditu, eta hurrengo astelehenean sinatuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar eta Patxi Lopez EAJko eta PSE-EEko buruek.

Besteak beste, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plan bat adostu dute jeltzaleek eta sozialistek, 6.290 milioi eurokoa. Gainera, erreforma fiskalarekin eta iruzurraren aurkako borrokarekin 1.500 milioi euro gehiago lortuko dituztela aurrez ikusi dute.

Bi alderdiak Eusko Legebiltzarrean bildu dira gaur goizean, akordioaren azken zehaztasunak ixteko, asteburu osoa negoziatzen eman eta gero. Azkenean, "Herri Akordioak lortzeko Oinarriak" izeneko testua aurkeztu dute.

Herri akordioak

Ekonomia Sustatzeko eta Enplegua Sortzeko 2014-2016 Plana 6.290 milioi eurokoa izango da guztira. Diru horretatik, 1.860 milioi bermetan eta abaletan emango dituzte.

Horrez gain, erreforma fiskalarekin eta iruzurraren aurkako borrokarekin Jaurlaritzak lortuko dituen funtsen erdiak ere plan horretara bideratuko dituzte.

Erreforma fiskalari dagokionez, zerga sistemaren ildo nagusiak Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea eta adostea hitzartu dute EAJk eta PSEk. Ondoren, lurralde bakoitzaren Batzar Nagusietara bidaliko dute adostutakoa, erakunde horiek baitute eskuduntza.

Sozialistek eta jeltzaleek Iruzur Fiskalaren aurkako Lantalde bat sortuko dute, eta Foru Ogasunen datuak denbora errealean elkarren artean konektatuta egotea ere adostu dute.

Erreforma fiskalarekin eta iruzurraren aurkako borrokarekin, 1.500 milioi euro gehiago lortzea espero dute bi alderdiek.

EAEko administrazioaren erreformaren alorrean, 2015. urtea bukatu baino lehen Lurralde Historikoen Legea aldatzea aurrez ikusi dute. Gainera, 2014. urtean Udal Legea eta Funtzio Publikoaren lege berria onartuko dituzte.

Bestalde, "Zerbitzu Publikoen Karterari" buruzko dekretu bat itundu dute.

Ukatu egin dute legegintzaldi akordioa dela

Aurreakordioa sinatu eta gero, Joseba Egibar eta Idoia Mendia EAJko eta PSEko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute, nork bere aldetik.

Horren ildotik, gaur hitzartutakoa ez dela legegintzaldi akordioa adierazi du Joseba Egibarrek. Halaber, 2014. urteko Aurrekontuekin zerikusirik ez dutela gaineratu du.

Nolanahi ere, bi alderdien artean "urrats gehiago" egiteko "oinarria" dela eta hurrengo Aurrekontuak negoziatzeko bidea irekitzen duela nabarmendu du.

Bestalde, Idoia Mendiak ere ukatu egin du legegintzaldi akordioa itxi izana, baina, orain, Aurrekontuak negoziatzeko klima "ezberdina" izango dela esan du.

Bozeramaile sozialistaren esanetan, akordioak ez du baldintzaduko PSEren oposizio lana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak PSE-EE Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zerga politika gaur