Politika -
EAJ-PSE akordioa
Pastorrek posible ikusten du irailean 'ganorazko' zerga ituna adostea
Aurrez, jeltzaleekin dituzten desadostasunak gainditu beharko dituzte, hala nola, Lurralde Historikoen Legea eta Eusko Legebiltzarrak fiskalitatean izango duen rola.
Erredakzioa
Irailean, EAJrekin "ganorazko" zerga ituna adostea posible ikusten du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Aurrez, jeltzaleekin dituzten desadostasunak gainditu beharko dituztela onartu du ordea, eta bi puntu nagusi aipatu ditu: Lurralde Historikoen Legea eta Eusko Legebiltzarrak fiskalitatean izango duen rola.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan egindako adierazpenen arabera, sozialistek eta jeltzaleek iraila hasieran bilera egingo dute "orain arte hitz egindakoa ebaluatzeko eta dituzten adostasunak eta desadostasunak zehazteko".
"Ez dela arazorik egongo dirudi, baina ez da horrela. Oraindik Lurralde Historikoen Legea, Eusko Legebiltzarrak fiskalitatean izango duen rola eta hainbat zergen xehetasun teknikoak adostu behar ditugu", adierazi du.
Irailean akordioa lortzea aurreikusten badu ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du.
Buruzagi sozialistaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak zerga alorrean izango duen eskumena zehaztea ezinbestekoa izango da akordioa lortzeko. Pastorren esanetan, sozialistek proposamen bat luzatu die jeltzaleei, eta "onartu ez dutenez eurek proposatu beharko dute formula".
PP eta Bildu akordiora batzearen alde agertu da Pastor, eta "ikuspuntu objektibotik begiratuta" posible ikusten du gainera. Errazago ikusten du PPk akordioarekin bat egitea, "itunetik kanpo geratzeko beldur da eta". Bestalde, Bilduk kanpoan gelditu nahi du, Pastorren arabera.