Politika -
Igeldoren balizko desanexioa
Igeldoko kontsulta egiteko baimenik behar ez duela esan du Aldundiak
Gipuzkoako Aldundiak Igeldoko desanexioaren inguruko kontsulta antolatzeko asmoari buruz Gobernuko Ordezkaritzak egindako txostena kritikatu du.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak ostegun honetan azaldu duenez, ez du Gobernu zentralaren "ez babesik, ez baimenik" behar "lotesleak ez" diren herritarren iritzia ezagutzeko kontsultak egiteko.
Gipuzkoako Aldundiak Igeldoko desanexioaren inguruko kontsulta antolatzeko asmoari buruzko Gobernuko Ordezkaritzak egindako txostena kritikatu du.
Donostiako PPk argitaratutako txosten horretan, Ordezkaritzak esan du Aldundiak Gobernuaren baimena behar duela "loteslea" den kontsulta bat egiteko.
Horri erantzuten, Aldundiak txostena errefusatu du, eta "lotesleak ez" direnentzako baimenik ez duela behar nabarmendu du.
"Faltsua da Espainiaren baimena behar denik Igeldon kontsulta bat egiteko", azaldu du Aldundiak. Halaber, "herritarren partaidetzaren prozesuan aurrera jarraitu"ko duela azpimarratu du, "foru gobernutik zuzeneko demokrazian eta herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzean sinesten dugulako".