Politika -

Hezkuntza erreforma

LOMCE legeari aurre egiteko adostasuna eskatu du Cristina Uriartek

Euskal hezkuntza sistema defendatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura sailburuak

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua. EiTB
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LOMCE legeari aurre egiteko adostasuna eskatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak igande honetan Amurrion, Araba Euskaraz festaren hasiera ekitaldian egin duen hitzaldian.

Uriarteren esanetan, "LOMCEk ez du inolako kontsentsurik, ez politikorik ezta sozialik ere". "Gu kontsentsuaren alde gaude, eta bide horretatik inork ez gaitu mugituko. Ez dugu onartuko atzerapausorik. Are gehiago, euskal hezkuntza sistema zaindu, bermatu eta hobetuko dugu. Hori da gure ardura, gure borondatea eta gure erabakia", gaineratu du.

Euskal hezkuntza sistema da, hain zuzen ere, hezkuntzan orain arte egin diren aurrerapausoak defendatzeko eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak lortzeko tresnarik egokiena, Uriarteren arabera. "Egin duguna, orain eskuartean duguna eta egingo duguna lortzeko, badugu tresna egoki bat: euskal hezkuntza sistema, kontsentsuaren fruitua dena, eta adostasunean eta akordioan oinarritua. Euskal hezkuntza sistema defendatuko dugu LOMCE legearen aurrean", adierazi du.

Hezkuntza sistema bat eraikitzeko, ezinbestekotzat jo du Cristina Uriartek kontsentsua: "Horregatik gaur eta hemen kontsentsuaren beharra aldarrikatu nahi dut". Horren esanetan, kontsentsurik gabe, ezin da, inolaz ere, hezkuntza sistemarik eraiki, ezta hobetu ere.

LOMCE legearen harira esan du hezkuntza sistemak ez direla inposatzen. "Hezkuntzan, inposatzen denak bide motza dauka", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika LOMLOE Eusko Jaurlaritza Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntza