Politika -
Urriaren 25aren partez
Urriaren 7a jai eguna izatea proposatu du lehendakariak
Urriaren 25a 1936an lehenengo Eusko Jaurlaritza sortu zeneko datarekin ordezkatzeko proposamena plazaratu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak urriaren 25eko jai eguna, PSE-EEren Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren omenez ezarri zuena, urriaren 7arekin ordezkatzea proposatu du, 1936eko egun horretan sortu baitzen lehenengo Eusko Jaurlaritza.
Urkulluk Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, lehenengo Autonomia Estatutuaren ondorioz sortu zen aurreneko Jaurlaritza "erreferentzia historikoa" da, eta "aniztasuna islatzen du".
"Erreferentzia baliagarria da alderdi guztien interpretaziorako, eta agerian utziko du egun hura oroitzeko dagoen adostasun eta ardura maila", gaineratu du.
Urkulluk gogorarazi duenez, Aguirre lehendakariaren Jaurlaritzan "askotarikoa" zen ordezkaritza, Espainiako Gerra Zibilaren atarian egoteak suposatu zuen testuinguru zailean.
Urriaren 7a jai eguna izateko, Eusko Legebiltzarrean bozkatu behar da proposamena, eta gehiengoaren babesa behar du. Duela egun batzuk, Legebiltzarra urriaren 25eko jai eguna kentzearen alde agertu zen.