Politika -
Hezkuntza Legea
Wert: 'Gezur hutsa da Legeak hizkuntza koofizialei eraso egitea'
Hezkuntza lege berriaren arabera, ikastetxe publiko eta itunduetan gazteleraz ikasteko aukera ez duten ikasleei zentro pribatuetako eskolatzea ordainduko die espainiar estatuak.
Erredakzioa
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak (Lomce) hizkuntza koofizialei eraso egitea "faltsua" dela esan du Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak eta auzi horretan "erreakzio gehiegi" egon direla kritikatu du.
"Gezur hutsa da erreformarekin hizkuntza koofizialei eraso egiten zaiela esatea", adierazi du Wertek eta legeak "Auzitegi Konstituzionalak agintzen duen bezala, gazteleraz ikasi nahi duten ikasleek Espainia osoan egin ahal izatea bermatzen du", azpimarratu du.
"Konstituzionalak agintzen duenari zehatz-mehatz eutsi diogu", ziurtatu du Hezkuntza ministroak Madrileko Foroan, popularrek antolatu duten eta Esperanza Aguirre Madrileko presidente ohiak aurkeztu duen topagunean.
Halaber, erkidego batzuek, EAEk eta Kataluniak esaterako, dagoeneko helegitea jarriko dutela esan izana "goiztiarra" iruditzen zaiola esan du.
Bestalde, "hizkuntza belikoa" erabili dela kritikatu du Wertek eta "baldintza bakarreko formula" adostearen alde azaldu da: katalanarekin batera ikasleek gazteleraz ikastea hautatu ahal izatea bermatzea.
Hizkuntza koofizialei dagokienez, lege berriaren "zuhurtzia" azpimarratu du eta berak katalana ez duela "soilik familiartean" hitz egiten eta "hizkuntza aniztasunaren aberastasuna" onartzen duela esan du.
Lege berriaren arabera, euren erkidegoetako ikastetxe publiko eta itunduetan gazteleraz ikasteko aukera ez duten ikasleei zentro pribatuetako eskolatzea ordainduko die espainiar estatuak. Ondoren, eragiten dien erkidegoei euren aurrekontuetatik kenduko die kopuru hori, baina Wertek azaldu du "salbuespenezko eta behin-behineko" neurria dela.
Azkenik, berak ez duela guraso batzuek Kataluniako Gobernuan helegitea jartzea "eragin" esan du, gazteleraz eskolatzeko aukera izan ez dutenen gurasoek jarritako helegiteari aipamen eginez.