Politika -
Brouard auzia
Masak ukatu egin du Brouard hiltzeko agindua eman izana
Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun zuzendariak antolatu zuela ere gezurtatu du Guardia Zibileko teniente koronel ohiak.
Erredakzioa
Rafael Masa Guardia Zibilaren teniente koronel ohiak ukatu egin du, Bilboko Epaitegiko Ana Isabel Gasca epailearen aurrean, Santi Brouard HBko mahai nazionaleko kide ohia hiltzeko agindua eman zuela. Era berean, gezurtatu egin du Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun zuzendariak antolatu zuela hilketa hura.
Hori horrela, Masak atzera bota du Luis Morcillo mertzenarioak Epaitegian egindako deklarazioa. Apirilaren 16an deklaratu zuen Morcillok Bilboko Epaitegian, eta aitortu egin zuen Brouard tirokatuta hil zuela 1984ko azaroaren 20an. Gainera, hilketa egiteko agindua Masak eman ziola eta atzean San Cristobal zegoela adierazi zuen.
Rafael Masak ere bideokonferentziaz deklaratu du, apirilaren 16an Luis Morcillok egin zuen moduan. Guardia Zibilaren buru ohiak Chiclanan deklaratu du.
'Brouard auzia'ren harira egin zen bigarren epaiketan auzipetu zuten Masa, Morcillorekin eta Jose Amedo poliziaburu ohiarekin batera. Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin zituen hiru akusatuak, 2003an, frogarik ez zegoela ebatzita.