Politika -
GAL
Santi Brouard berak hil zuela aitortu du Morcillok
GALeko mertzenario ohiak azaldu duenez, Rafael Masa Guardia Zibileko komandante ohiak eman zion agindua.
Erredakzioa
Jose Luis Morcillo GALeko mertzenario ohiak aitortu egin du, lehen aldiz, Santiago Brouard Herri Batasuneko (HB) legebiltzarkidea berak hil zuela. 1984. urteko azaroaren 20an hil zuen, horren kontsultan.
"Santiago Brouard kontsultatik atera zenean, bi aldiz tiro egin nion, eta lurrean zegoenean azkena eman nion", azaldu du, El Mundo egunkariak egindako elkarrizketa batean.
Horretan, Morcillok barkamena eskatu die Brouarden senideei, eta damututa agertu da.
Gainera, HBko buruzagia hiltzeko agindua Rafael Masa Guardia Zibileko komandante ohiak eman ziola zehaztu du. "Ez bagenuen egiten, nagusiak kaleratu egingo zuela esan zigun. Nagusia [Julian] Sancristobal Segurtasuneko estatu idazkaria zen seguru aski", gaineratu du.
Morcilloren esanetan, Masak "behartu" egin zuen Rafael Lopez Ocañarekin batera Santi Brouard hil zezaten: "Arren, Luis, antolatu zeregin hau, nahi bezala, baina egizu behingoz, [Barne] Ministeriotik botako naute eta", esan omen zion.
"Ondoren, zeregin horretarako [Brouard hiltzeko] 25 milioi pezeta bideratu zituztela jakin nuen, baina nik bost milioi baino ez nituen jaso", esan du.
Morcillok Bilboko epaitegi batean deklaratu beharko du astearte honetan, Jose Amedok aurkeztutako grabazio batzuk direla medio. Horietan, Brouarden hilketan parte hartu zuela aitortu ei zuen.