Politika -

EAE-ko aurrekontuak

PSEk osoko zuzenketa aurkeztuko du Jaurlaritzaren Arrekontuen aurka

EH Bilduren eta PSEren erabakiak kontuan hartuta, EAJk aukera bakarra dauka 2013ko Aurrekontuak aurrera ateratzeko: Alderdi Popularrarekin eta UPyDrekin akordio batera heltzea.

Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia. EFE
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia. EFE
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialistak osoko zuzenketa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak 2013rako prestatu duen Aurrekontu proiektuaren aurka, diru-sarreren atalarekin bat ez datorrelako.

Hala iragarri du Patxi Lopez PSEren idazkari nagusiak Forum Europak Bilbon antolatutako hitzaldi batean. Lopezek zehaztu du erabakia atzeraezina dela, PSEren ordezkaritza bat Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburua egiten ari den bilera-sortan izango bada ere.

Horrez gain, Patxi Lopezek esan du "Aurrekontuetatik harago joango den premiazko akordio sakon bat" ezinbestekoa dela krisiari irtenbidea emateko. Ildo horretan, "lubakitik ateratzeko eta gainerako taldeekin negoziatzeko" eskatu dio Urkulluren Gobernuari.

"Urkullurena Jaurlaritza ahula da, jardunik ez duena eta gainontzeko taldeekin akordioak bilatu nahi ez dituena", salatu du. "Abstentzioa eskatzera mugatzen da, horrekin bere burua salbatzeko", erantsi du.

"Akordio sakonak behar ditugu, ez bakarrik Aurrekontuak izateko, baita erreforma berritzaileak gauzatzeko, eta horretarako bada, gu negoziatzeko prest gaude", azpimarratu du Lopezek.

EAJ-PP-UPyD aukera

Alderdi Sozialistak eta EH Bilduk osoko zuzenketak aurkeztuko dituztela baieztatuta, EAJk (27 eserleku) aukera bakarra dauka Aurrekontuak onartzeko:  PPrekin (10 eserleku) eta UPyDrekin (eserleku bat) negoziatzea eta akordio batera heltzea.

Alabaina, gaur goizean Gorka Maneirok berretsi egin du UPyDk ere osoko zuzenketari eutsiko diola eta Urkulluren Gobernuarekin adostasun batera heltzea "zaila" izango dela nabarmendu du.

Antonio Basagoitik, berriz, Jaurlaritzak PSE-EEren eta PPren abstentzioa bilatu beharko lukeela adierazi du. Ildo horretan, "ardura" eskatu die euskal sozialistei, eta Iñigo Urkullu lehendakariari "akordioa bilatzeko lanean" hasteko dei egin dio.

Antonio Basagoiti gaur elkartuko da Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin, Aurrekontuen proiektua aztertzeko Jaurlaritzak deitu duen bilera-sortaren baitan. Bihar UPyDren txanda izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba UPyD albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Gipuzkoa Euskadiko PP bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak EAEko Aurrekontuak