Politika -
Barne Ministerioa
'Parot doktrina ezeztatuz gero, ingeniaritza juridikorako tartea dago'
Horrela erantzun du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina' deitutako legea baliogabetzen badu Espainiak arau hori aplikatzen jarraituko duen galdetu diotenean
Erredakzioa
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot doktrina' deitutako legea baliogabetzea erabakitzen badu, Espainiako agintariek "ingeniaritza juridikorako tartea" izango dutela azpimarratu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Horrez gain, Ines del Rioren kasuko ebazpena antzeko egoeran diren gainerako presoei berez aplikatu behar ez zaiela ere adierazi du.
"Ingeniaria juridikoa egin dezakegu", erantzun du Fernandez Diazek, Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina' indargabetuko balu ere, Espainiak arau hori aplikatzen jarraitzeko modurik dagoen ala ez galdetu diotenean.
Nolanahi ere, "Espainiako auzitegiak eta Auzitegi Nazionala izango dira Estrasburgoko Auzitegiak hartuko duen edozein erabaki interpretatzea eta ezartzea", erantsi du Onda Cero irratian egindako elkarrizketan.
Bestalde, Barne ministroaren esanetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartzen duen erabakia 'Parot doktrina' ezarrita duten preso guztiei aplikatzeko "automatismorik" ez dagoela azpimarratu du. Ildo horretan, preso bakoitzaren kasua banan-banan aztertu beharko litzatekeela esan du.