Politika -
Elkarrizketa ETBn
Aurrekontuak itzultzeko eskatu dio Mintegik EAJren Jaurlaritzari
"Aurrekontuak horrela badatoz, oso zaila izango da osoko zuzenketarik ez aurkeztea", adierazi du Laura Mintegik.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen ustez, EAJk "arduragatik", "Aurrekontuak itzuli beharko lituzke, alderdi ezberdinek iragarri duten osoko zuzenketen sorta hasi baino lehen".
ETBko elkarrizketa batean, "aztertzen ari gara eta ikusiko dugu zer aurkeztuko dugun", esan du Mintegik, "baina, horrela badatoz, oso zaila da osoko zuzenketarik ez aurkeztea", adierazi du.
"EAJk tartea du, horregatik diogu entzuten ari den guztia aintzat hartu eta Aurrekontuak itzuli beharko lituzkeela", azpimarratu du. "EAJk badaki ahultasun egoeran dagoela eta Aurrekontu batzuk behar dituela".
Lehendakariak aurkeztu duen enplegu planaz, "horrek ez dio herrialdearen behar larrienei erantzunik ematen", uste du.
Iñigo Urkulluk "1.200 milioi gutxiago edukitzea onartzea" kritikatu du. "Rajoyk ezarritako defizit publikoari men egin dio. 0,7koa beharrean 1,5ekoa balitz, erkidegoak beste aukera batzuk izango lituzke. Ekimenak eduki eta proposatzea besterik ez da. Zergatik egiten dio men 0,7 horri ezer galdetu gabe?, salatu du. "Aurrekontu handiagoa izan genezake", ondorioztatu du.
Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldea
Bestalde, Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen sorrera atzeratzeaz ere mintzatu da.
"Gatazkak jatorri politikoa duela esatea bezalako baieztapen nabariarengatik haserretzea bakeari beldur diotelako da", adierazi du.
"Egun hartan PP helburu batekin iritsi zen, lantaldea eratzea eragoztea, baina lehenago edo geroago egingo da", berretsi du. Ildo horretan, Errenteria jarri du adibide gisa. "Oso esperientzia interesgarria da", uste du.
"PPri eta UPyDri lantaldean egoteko deia egiten diet", berretsi du.