Politika -
Herrirak deituta
'Parot doktrina'ren indargabetzea eskatu du Herrirak Tafallan
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak martxoaren 20an aztertuko du Ines del Rio presoari 'Parot doktrina' indargabetzearen aurka Espainiak ezarritako helegitea.
Erredakzioa
Herrira mugimenduak deituta, 1.500 lagun inguruk manifestazioa egin dute Tafallan 'Parot doktrina'ren kontra eta Ines del Rio preso tafallarrari doktrina hori ezartzearen aurka, deitzaileek azaldu dutenez,
Uztailean Ines del Rio aske uzteko agindua eman zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen, eta bien bitartean espetxean jarraitzen du preso tafallarrak. Martxoaren 20an aztertuko du, hain zuzen ere, Estrasburgoko Auzitegiak Ines del Riori "Parot doktrina" indargabetzearen aurka Espainiak jarritako helegitea.
Manifestazioaren amaieran, Herrira plataformako Fran Baldak hartu du hitza eta Angel Figueroa presoaren heriotza izan du hizpide. Aste honetan, hilda aurkitu dute ETAko presoa etxean, Getxon. Epilepsiarekin lotutako gaixotasun larria zuen Figueroak eta etxean ari zen zigorra betetzen. Baldaren iritziz, heriotza horrekin argi gelditu da salbuespenezko neurriek ondorio konponezinak dituztela.
"Euskal gizarteak kartzela-politika ankerra amaitzea nahi du, sufrimendua bukatzea eta hildako gehiago ez egotea", gaineratu du.
Herrirak salatu duenez, hilabeteak pasako dira "Parot doktrina"ren gaineko erabaki irmoa hartu arte, eta bien bitartean Ines del Rio tafallarrak kartzelan jarraituko du.