Politika -
Ustelkeria Katalunian
Ustezko espioitza sarea 'amaierara arte' ikertuko du Poliziak
Ikerketako buruak esan du behar diren bilera guztiak egingo dituztela gaiaren muinera heldu arte.
Erredakzioa
Espainiako Polizia Katalunian hainbat politikari espiatu eta grabatu omen zituen sare bat ikertzen ari da. Astelehen honetan, Poliziako arduradun nagusiek esan dute alderdi politikoetako hainbat kide ustez espiatu izanak alarma soziala eragin dutela, eta gertaerak argitzeko "amaieraraino" iritsiko direla nabarmendu dute.
Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkariak eta Ignacio Cosido Poliziako zuzendari nagusiak esan dutenez, ikertzaileak "interes handiz" ari dira lanean, baina ez dute Kataluniako arduradun nagusiekin izandako bileraren inguruko xehetasun gehiago eman nahi izan.
Gai horren harira, Barne Ministerioa, Espainiako Gobernua eta gizartea oro har arduratuta daudela esan du Francisco Martinezek. "Arinkeria litzateke hori ukatzea", gaineratu du Martinezek. Horren esanetan, Polizia interes handiz ikertzen ari da, eta beharrezkoak diren bilera guztiak egingo dituzte gaiaren muinera heldu arte.