Politika -
Aurrekoetan bezala
Berdinketa Legebiltzarrean, fiskalitatearen inguruko bozketan
Legebiltzarra fiskalitatea adosteko tokia izatea eskatzeko proposamena bozkatu dute, eta berdinketa egon da. Bestalde, Gizarte Segurantzaren eta BEZaren eskumenak Euskadira igortzea eskatu dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarra fiskalitatea adosteko tokia izatea eskatuz EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako proposamena bozkatu dute taldeek ostiral honetan, arratsaldez, eta, gaurkoan ere, berdinketa egon da.
Zergei buruzko saio monografikoa egin dute egin osoan zehar, eta ''benetako harmonia fiskala lortzeko'' fiskalitatearen inguruko eztabaida Legebiltzarrean egin dadin proposamena egin dute. Ekimenak, baina, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoak bakarrik jaso ditu (baiezko 37 boto guztira). Izan ere, EAJk eta PPk kontrako botoa eman dute (37) eta UPyD abstenitu egin da. Hala, berdinketan bukatu da gaurko bozketa ere, legegintzaldi honetan behin baino gehiagotan bezala.
Hasieran forma arazo bat izan da, eta, ondoren, UPyDren ezezkoa jaso du, alderdi horrek ez baitzuen EH Bilduk sinatutako testu bat babestu nahi.
Aurrera egin dute proposamenak
Guztira ia 150 proposamen eztabaidatu eta bozkatu ditu Legebiltzarrak, eta horietako zenbaitek aurrera egin dutela.
Hala, PSE-EEk proposatuta, hiru lurraldetan egiten dituzten zerga aldaketak Legebiltzarrean jarraitzeko ''foro iraunkorra'' sortzea adostu dute. Sozialistek eskatuta ere, enpresa txiki eta ertainen Sozietate Zerga jaistea eskatu diete aldundiei.
Bestalde, sozialistek eta EAJk beste hainbat ekimen adostu eta aurrera eramatea lortu dute, tartean langile gutxi izanda baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten enpresei hiru urtez zerga murriztu berezia ezartzea eskatzea.
Iruzur fiskalaren kontra borroka indartzea ere adostu du Legebiltzarrak (PPk proposatuta), eta erakunde publikoei paradisu fiskaletan egoitza duten enpresekin lanik ez egitea eskatzea onartu dute.
Halaber, Gizarte Segurantzaren eta BEZaren eskumenak Euskadira igortzea eskatu dute.
Jaurlaritza erreforma fiskalaren alde agertu da, leialtasunean oinarritua bada
Goizeko saioan, berriz, Eusko Jaurlaritza erreforma fiskal orekatu eta koordinatua egitearen alde agertu da, "leialtasun instituzionalean" eta akordio politikoan oinarritua bada, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak adierazi duenez.
EAJ eta PP, fiskalitate eskumenak Legebiltzarraren esku uztearen kontra
PSE-EEk iragarri du EAEko fiskalitatea "benetan" harmonizatzeko eta hiru lurraldeetan zerga-irizpide batzuk ezartzeko lege proposamena aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean, aurten.
EAJk, berriz, ituna eskaini die gainerako alderdiei erreforma "fiskal zabala eta osoa" egiteko, baina egungo eskumen banaketari eutsita. Josune Gorospek azaldu duenez, egungo araudia "egokitu" behar da, partxerik gabe, eta "ziurtasuna" sortuko duen itun fiskala lortzeko helburuarekin.
EH Bilduren ustez "ezinbestekoa" da erreforma fiskala egitea eta zerga alorra "berregituratzea" pertsonetan oinarritzeko eta "sistema publikoa bermatzeko". Hori horrela, EAJk sistema publikoa defendatzeko eta murrizketak saihesteko "borondate politiko gutxi" duela salatu du.
Gorka Maneiro UPyDren bozeramaileak, bere aldetik, eredu instituzionala aldatzea eta zergen eskumena Eusko Legebiltzarrari ematea proposatu du.
LABek fiskalitate 'justuagoa' eskatu du iruzurrari aurre egiteko
LABek kontzentrazioa egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren aldamenean iruzurrari eta murrizketei aurre egiteko "fiskalitate justuagoa eta progresiboa" eskatzeko, eta ehundik gora lagun elkartu dira.