Politika -

Bilboko Auzitegian

Amedoren salaketak 'ibilbide laburra' du, Edurne Brouarden ustez

"Baliteke berriz ere dirurik gabe geratu izana, eta kobratu nahi izatea'', esan du Santi Brouarden alabak. Edonola ere, epaileak salaketari sinesgarritasuna ematen badio bertaratuko dela iragarri du.

Brouarden alaba
Brouarden alaba
Jose Amedo polizia ohiak Santi Brouarden hilketaren datuak aurkeztu ditu

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santi Brouard Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea hiltzea leporatuta, Jose Amedo poliziaburu ohiak Luis Morcilloren aurka Bilboko Auzitegian jarritako salaketak ''ibilbide laburra'' duela uste du Edurne Brouardek. Edonola ere, epaileak salaketari sinesgarritasuna ematen badio, bertaratu egingo dela iragarri du Santi Brouarden alabak.

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Edurne Brouardek esan du biktimaren familiak ez duela bere burua salaketaren jakitun gisa ematen, ''epaileak sinesgarritasuna eman arte''. "Epaileak deklaratzera deitzen bagaitu, han egongo gara'', gaineratu du.

Santi Brouarden alabaren hitzetan, ''Amedo jaunak asko daki'' bere aitaren hilketaz, ''baina ez du inoiz egia esan''.  ''Prozesu honen erritmoak ere berak markatu ditu, esan nahi zituenak gutxinaka esanaz, eta esan nahi ez zuena ukatuz. Hala izan da 1984tik'', gaineratu du.

"Nire ustez, Morcillo Pinillos jauna ekintza hartan egon zen eta hilketan hartu zuen parte. Hori hasieratik esan dugu. Baina ez dugu ulertzen Amedok zergatik atera duen gaia berriz ere. Gainera, Amedok eta nork gehiagok?'', esan du.

Brouarden hitzetan, "baliteke berriz ere dirurik gabe geratu izana, eta kobratu nahi izatea, Estatutik ez bada diru bereizietatik, dena agerian uzteko betiko mehatxuarekin; edo bai behintzat telebista platoetan''.

Arreta desbideratu

''Espainiar Estatuan egun dagoen aztoramen politikoa kontuan izanda, baliteke ere Gobernuan dagoen alderdiak ustelkeria kasuetan jarritako arreta desbideratu nahi izatea eta aurretiko beste ustelkeria kasu batzuetara bideratu nahi izatea, pilota PSOEri pasatuz'', esan du Brouardek. ''Edonola ere, nik bi aukerak ditut kontuan'', gaineratu du.

Bideoa bat

Jose Amedo poliziaburu espainiar ohiak Luis Morcilloren aurkako salaketa jarri du Bilboko Auzitegian Santi Brouard Herri Batasuneko mahai-nazionaleko kidea hiltzea leporatuta, El Correo egunkariak jakitera eman duenez. Amedok bideo bat aurkeztu dio epaileari, eta bertan Morcillok Brouarden hiltzailea dela aitortzen omen du.

Aipatu iturrien arabera, politikari independentista lekeitiarra hiltzeko GALek kontratatu zituen bi sikarioetako bat Morcillo dela salatu du poliziaburu ohiak.

Santi Brouard bi pertsonak hil zuten Bilbon, lantokian, 1984an. Rafael Lopez Ocañak aitortu zuen GALen bi sikarioetako bat izan zela eta hiru milioi pezeta jaso zituela hilketagatik.

Gertatutakoa argitzeko prozesu judizialean ebatzi zenez, politikari abertzale bizkaitarra hiltzeko agindua Estatuko goi agintariren batek eman zuen, baina ez zen argitu nor izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak GAL albisteak