Politika -
Bilboko Auzitegian
Brouarden hiltzailea Morcillo dela salatu du Amedok
Morcillok ustez HBko mahai-nazionaleko kidea hil zuela aitortzen duen bideo bat aurkeztu omen du poliziaburu ohiak Auzitegian.
Erredakzioa
Jose Amedo poliziaburu espainiar ohiak Luis Morcilloren aurkako salaketa jarri du Bilboko Auzitegian Santi Brouard Herri Batasuneko mahai-nazionaleko kidea hiltzea leporatuta, El Correo egunkariak jakitera eman duenez. Amedok bideo bat aurkeztu dio epaileari, eta bertan Morcillok Brouarden hiltzailea dela aitortzen omen du.
Aipatu iturrien arabera, politikari independentista lekeitiarra hiltzeko GALek kontratatu zituen bi sikarioetako bat Morcillo dela salatu du poliziaburu ohiak.
Santi Brouard bi pertsonak hil zuten Bilbon, lantokian, 1984an. Rafael Lopez Ocañak aitortu zuen GALen bi sikarioetako bat izan zela eta hiru milioi pezeta jaso zituela hilketagatik.
Gertatutakoa argitzeko prozesu judizialean ebatzi zenez, politikari abertzale bizkaitarra hiltzeko agindua Estatuko goi agintariren batek eman zuen, baina ez zen argitu nor izan zen.