Politika -
Bilera-sorta
Parot doktrinaren aurka, alderdien arteko akordioak nahi ditu Herrirak
Dagoeneko 73 lagunek 'zigor guztiak bete' dituztela azpimarratu du plataformak, eta oraindik espetxean jarraitzen dutela salatu dute.
Erredakzioa
Herrira presoen eskubideen aldeko plataformak alderdi politikoekin eta eragile sozialekin bilera-sorta hasi du, denen artean Parot doktrinaren aurkako akordio bat egiteko asmoz.
Jon Garay eta Nagore Garcia bozeramaileek aurkeztu dute ekimena Bilbon egindako prentsaurreko batean, plataformak lehen urteurrena bete duen egunean.
Espainiar estatuak Parot doktrina ezartzen jarraitzen duela salatu du Herrirak, eta zehazki, astelehenean Ramon Aldasoro eta Raul Alonso presoei zigorrak "luzatu" dizkietela jakin zutela esan dute. Hori dela eta, dagoeneko "zigor guztia bete eta espetxean jarraitzen" duten lagunak 73 direla azpimarratu dute, "20, 25 eta 30 urte daramatzate espetxean, eta batzuek gaixotasun larriak dituzte".
Herrira mugimenduko bozeramaileek esan dutenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren aurkako epaiari Espainiak jarritako helegitea aztertuko du martxoaren 20an.
Mezu bateratua Europaren aurrean
Kartzela politika berri baten beharraren eskaria Europara eraman nahi du Herrirak, eta eskari horrekin bat egiteko gonbita egin die alderdi politikoei, sindikatuei, eragile sozialei eta herritarrei. Herrirak bilera-sorta egingo du Bilbon presoen eskubideen aldeko manifestazioan egon zirenekin, eta baita egon ez zirenekin ere, gaiaren inguruan "ahots bakarra" egon dadin.
Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Yolanda Barcina presidentearekin bilera egin nahi dute, baina, adierazi dutenez, oraindik ez dute bi politikariekin elkartzeko datarik zehaztu.
Sindikatu eta eragile sozialekin egin beharreko bilerak hitzartu dituzte jada, eta aste honetan bertan hasiko du Herrirak bilera-sorta.