Biktimak eta memoria -
Memoria historikoa
Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa inauguratuko dute gaur
Azken urteetan Aranzadi Elkarteak hainbat hobitan aurkitutako 27 lagunen gorpuzkiak hilobiratuko dituzte bertan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa inauguratuko du astelehen honetan Iñigo Urkullu lehendakariak. Azken urteetan Aranzadi Elkarteak hainbat hobitan aurkitutako zenbait lagunen gorpuzkiak hilobiratuko dituzte bertan. Zehazki, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak dira, 27 guztira, horietatik 25 identifikatu gabe daudela. Ekitaldia Elgoibarko Olaso Hilerrian izango da.
Gogora-Oroimenaren Institutuaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Ekintza Planaren barruan koka genezake kolunbarioaren inaugurazioa. Gerra Zibilean desagertutako pertsonak omentzeko tokia izango da, eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak ditu abiapuntu.
Hainbat senidek, oroimenerako eta historiarako Euskadiko hainbat elkartek eta identifikatu gabeko gorpuzkiak aurkitu zituzten udalerrietako hainbat ordezkarik parte hartuko dute hilobiratzean.
Lehendakariaren hitzaldiaren ostean, lore-eskaintza egingo dute Olaso hilerrian bertan, Duintasuna eskultura parean. "Bidegabeko errepresioa jasan zuten lagun guzti horien duintasunaren berreskurapena" adierazi nahi du Ignacio Arreguik egindako altzairuzko artelan horrek.