Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Gazan hildako zibilen kopurua aspaldiko handiena da, Israelgo ikerketa baten arabera

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Gazan hildako guztien % 61 dira zibilak, eta hori XX. mendeko edozein gatazkatan izandakoa baino askoz ere proportzio handiagoa da, Haaretz Israelgo egunkariaren arabera.

Azterketa horren arabera, Israelgo Armadaren bonbardaketak azken urteetako indiskriminatuenak dira. Haaretz egunkariak azpimarratzen duenez, Gazan aurretik, 2012 eta 2021 bitartean, izandako hiru gerretan hildako guztien % 40 izan ziren zibilak. Proportzio hori % 33ra jaitsi zen urte hasieran izandako bonbardaketetan.

Oraingo gerrako lehen hiru asteetan hildako zibilen proportzioa, berriz, % 61era iritsi da. Haaretz egunkariaren esanetan, "hilketen proportzioak ez du aurrekaririk", XX. mendeko gatazketan hildako zibilen kopurua hildako guztien erdia izan baitzen.

Datu horiek ikusita Israelgo egunkari horrek ondorioztatu duenez, "biztanle zibilen sarraskiak ez du Israelgo segurtasuna indartzen lagunduko, alderantziz baino; alegia, etorkizunera begira, segurtasun hori ahuldu egingo du". Haaretz egunkariaren iritzian, "suntsitutako etxeetatik irten eta senideak galdu dituzten gazatarrek errebantxa nahiko dute, eta edozein segurtasun neurri ez da nahikoa izango horiek gelditzeko".

Ikerketa honek baieztatu egin du duela hamar egun Israelgo beste bi egunkari digitalek (+972 Magazine eta Local Call) ziotena: Israelgo Armadak nahita bonbardatzen dituela bizitegi-eremuak, zibilen artean ere ahalik eta biktima gehien eragiteko, horrek Hamasen aurkako jarrera handituko duen itxaropenarekin. Egunkari horien esanetan, Israelgo Armadak Gobernuaren baimena du militarrak ez direnei ere erasotzeko, eta biktima zibilak eragozteko oztopoak murriztu ditu. Horrek eta helburu gehiago bilatzeko adimen artifiziala erabili izanak 1948an Nakba izan zenetik izan den gatazka odoltsuena bihurtu du Gazako egungo gerra.

Israelgo bi egunkari digitalen ikerketak Israelgo inteligentzia zerbitzuetako zazpi kide eta kide ohirekin izandako elkarrizketetan oinarrituta daude, eta Gazako operazioetan parte hartu zuten inteligentzia militarreko kideak eta aire indarretakoak daude horien artean. Ikerketaren arabera, zibilei nahita eraso eginez "shock egoera" sortu nahi dute herritarren artean, palestinarrak Hamasen aurka jar daitezen.