Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Israelek ez zien Hamasen eraso alerta-zeinuei jaramonik egin

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Froga berriek erakusten dutenez, Israelgo Armadak informazio zehatza zeukan Urriaren 7an Hamasek egindako erasoari buruz.

Israelgo Armadako elite unitateko ofizial batek Hamas eraso bat prestatzen ari zenaren abisua eman zuen urriaren 7an gertatutako erasoa baino hilabete batzuk lehenago. "Ez dut nahi tontakeria horiek entzun. Horrela jarraitzen baduzu lege martziala ezarriko zaizu" erantzun zion bere komandanteak ofizialari.

Gainera, Israelgo telebista publikoak jakinarazi duenez, inteligentzia zerbitzuek Hamasen gidaliburu bat eskuratu zuten. Bertan, Gazako mugen inguruan daude kontrol postu militarrak menperatzeko zein ekintza egin zehazten zen, baita zibilak nola hil eta bahituak nola harrapatu ere. Era berean, segurtasun-itxiturak zabaltzeko kamioiak eta traktorak nola erabili azaltzen zen, baita tankeen aurkako jaurtigaiak  eta morterozko obusak nola erabili ere. Islamistek intoxikazio psikologikorako ekintza txikiak ere egiten zituzten mugan, etsaiek egitekotan eraso txikiak egingo zituztela pentsa zezaten.

Soldadu israeldarrek, mugan jarrita zeuden kameren bitartez, gauza susmagarriak ikusi zituzten eta abisua eman zuten Hamaseko komandoak jendea nola bahitu probatzen ari zirela, goi mailako arduradun batekin, salatuz. Arduradun hori, aurpegiak identifikatzeko tresna batekin, nor zen jakin zuten, gainera, baina euren arduradunek ez zieten sinetsi.

Informazio elektromagnetikoetan aditua zen ofizial batek ere mugan entrenamendu ekintzak ikusi zituen, eta ezohikoak iruditu zitzaizkion, neurriagatik, urriaren 7ko erasoak gertatu baino hiru hilabete lehenago. Baina bere arduradunak nahiago izan zuen ez entzun eta lasaitzen ez bazen zigorra jartzearekin mehatxu egin zioten.

Israelgo Armadako agintariek informazio horiek guztiak mespretxatu zituzten, Hamas taldeak ez zuela indar nahikorik pentsatuz.  

Duela gutxi Shin Beth Terrorismoaren Aurkako Segurtasun Zerbitzuetako goi agintariek euren ardura aitortu dute, alerta-zeinuei jaramonik ez egiteagatik.

Ez, ordea,  Netanyahu lehen ministroak, honek ez baitu inongo huts egiterik onartu oraindik.