Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Oharra Ukrainari, Estatu Batuetatik

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Ameriketako Estatu Batuetan Ukrainari laguntza militarra ematea ez da kanpo-politikako arazoa, Alderdi Errepublikanoko barne-gatazka baizik, eta horrek ondorioak izan ditzake Europan ere.

Washingtonen Ukrainarentzako laguntza militarra ez da dagoeneko atzerri politikako arazoa, bertako alderdi politikoen arteko barne borrokarako auzia baizik. Horrek Europan ere ondorioak izan ditzake.

Ez da harritzekoa Ukrainarentzako laguntza militarra Alderdi Errepublikanoaren barne gatazkan eztabaidagai bihurtzea, eta aurrekontu federalaren inguruko negoziaketen esparrua gainditzea.

Orain arte, Mendebaldeak Ukrainari eman dion laguntza Estatu Batuek gidatu dute, Errusiaren erasoaren aurrean Kieveri militarki laguntzeko europarrak ahulagoak izan baitira. Hungariak bezala, orain Eslovakiako gobernua populista berriak ere Ukrainari laguntza mozten badio, nazioarte mailan Europar Batasuna egoera ahulagoan geratuko da. Hala ere, Ukrainarentzat benetan larriagoa izango litzateke Estatu Batuek laguntza mozten badiote.

Egoera ez da oraindik puntu horretara iritsi, baina Alderdi Errepublikanoaren barneko borrokak arrisku hori dauka. Alderdi honetako kide kontserbadoreenak eskatzen dute Ukrainari ematen zaion laguntza Mexikoko muga segurtatzera bideratzea. Neurri horren aurka dagoelako eta Alderdi Demokratarekin aurrekontuen inguruko negoziaketak luzatzea adostu duelako Alderdi Errepublikanoan oso haserre daude Kevin McCarthy alderdikide eta Ordezkarien Ganberako presidentea denarekin. Ukrainari laguntza ematen jarraitzeko, seguruenera, hitzarmena lortuko dute Alderdi Errepublikanoko zentristek eta Alderdi Demokratak, horren trukean Mexikoko muga gogortuz.

Edonola ere, Ukrainari laguntza emateak zalantzak sortu ditu Kieven aliatu europar batzuen artean, Poloniako hauteskunde kanpainan ikus ahal izan denez. Gainera, Donald Trump AEBko boterera berriz itzuliko balitz, NATOren geroa ere jokoan izango litzateke, izan ere, Estatu Batuetako presidente ohiak europarrek Aliantza Atlantikoan egiten omen duten gastu eskasa kritikatu baitu.