Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Errusiaren beldur dira Suedian

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Suediako Parlamentuko batzorde batek adierazi du Errusia dela mehatxu handiena herrialdearen segurtasunarentzat.

Suediako Parlamentuko txostenak errealismo falta eta Errusiarekiko harremanetan kalkulu akatsak leporatu dizkio bere Gobernuari. Txosten horren arabera, Errusiak mehatxurik handiena jartzen dio Suediari. 

Suediaren aurkako eraso armatu bat ezin da baztertu, herrialde eskandinaviar honi Errusiak mehatxurik handiana jartzen diolako. Beldur hori astelehen honetan Suediako Parlamentuko Defentsa batzordeak aurkeztutako txostenean azaltzen da. Gainera, mehatxu hori gehitu egin omen da azken urteotan. 

Ukrainako gerran izan arren, Errusiak Suediari airetik, itsasotik edo misilekin eraso egin diezaioke. Une hau oso larria da, Hans Wallmark Parlamentuko batzorde honetako presidentearen ustez, Errusia nazionalista eta inperialista baten aurrean gaudelako. Peter Hultqvist diputatuak salatu duenez, Errusiak gezur kanpainak, eraso zibernetikoak, espioitza eta eraso planak egin ditu. 

Iraganean Suediako Defentsa politika itxaropenean oinarritu da, errealismoa kontuan hartu gabe, eta Errusiarekiko kalkuluak oker eginda, txosten horrek dionez. Disuasio militarrean ere Suediak ahalegin gehiago egin behar duela dio. Armada handiago egitea, derrigorrezko zerbitzu militarra eta armagintzan eta pertsonalean inbertsio gehiago  beharrezkoak direla ere azaltzen du, batez ere Gotland uharte estrategikoan. 

Ukrainako gerraren ondoren, Finlandiarekin batera, Suediak NATOn sartzea eskatu zuen, Gerra Hotzaren garaitik zuen neutraltasuna alde batera utziz. Finlandiak NATOn sartzea lortu zuen, ostera, Turkiak eta Hungariak Suediaren sarrerari betoa jarri diote. Orain Suediak itxaroten duenez, Aliantza Atlantiarrean sartzeko oztopo hori uztaileko erdikaldera NATOk Vilniusen egingo duen goi-bilera baino lehen gainditu daiteke.   

Baina ordurako NATOn sarrera hori gertatzen ez bada, hori kezkatzekoa izango da, Hultqvist diputatuaren ustez. Kasu horreran, Suediak segurtasun eta defentsa gaietan  Estatu Batuekin eta Britainia Handiarekin elkarlana indartu beharko luke.