Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ospea eta eragina

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Mijail Gorbatxov lehendabizi, Elizabeth II.a erregina ondoren. Komunikabideetan bi heriotzek tarte zabalak izan dituzte, ordu gutxitan luzeak eta oparoak izan diren bi bizitzak laburbildu dizkigute. Baina parekotasunak hor amaitzen direla esan genezake.

15 eguneko epean, izen eta ospe handiko bi pertsona hil zaizkigu. Mijail Gorbatxov lehendabizi, Elizabeth II.a erregina ondoren. Komunikabideetan bi heriotzek tarte zabalak izan dituzte, ordu gutxitan luzeak eta oparoak izan diren bi bizitzak laburbildu dizkigute. Baina parekotasunak hor amaitzen direla esan genezake.

Elizabeth erregina Europak ia 100 urteko epean bizi izandako gertakizun larri eta erabakigarrien lekuko izan zen. Oraindik neskatoa zenean, Bigarren Mundu Gerran borrokan ari ziren soldaduei mezua bidali zien kemena eta indarra eskatuz, herritarren elkartasuna eta maitasuna adierazten zien bitartean.

Gerra ondoren, historian izan den inperio handienaren azken arrastoen buruzagitza bereganatu zuen. 14 lehen ministro ezagutu ditu Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan 12 presidente eta 20 Joko Olinpikoetako lehen mailako lekuko izan zen.

Eta horixe da Britainia Handiko erregina izan dena, lehen lerroko lekuko pribilegiatua. Baina Commonwealth, herrialdeen elkarte zabaleko irudi gorena izan arren, estatuburu honek ezin izan du erabaki bakarra hartu. Gobernuek idazten zizkioten hitzaldiak irakurri behar zituen eta bere erabakiak ontzat eman.

Dirudienez, hauek jorratutako bide batzuk ez zituen gogoko, baina sekula ez dugu jakin zer pentsatzen zuen, zein zen bere benetako ideologia, zer nahi zuen edo zer espero zuen, hain aldakorra suertatu zitzaion mundu honetaz.

Beste aldean, berriz, Gorbatxovek mundu aldakor horretan buru-belarri murgildu behar izan zuen, erabaki gogorrak hartu eta egindako akatsak eta emandako pauso okerren erantzukizuna aitortu.

Batek, begien aurretik pasatakoaz akta jaso du, besteak, aldiz, akta horretan idatzitakoa erabaki du. Sobiet Batasuneko Alderdi Komunistako azken idazkari nagusiak, irteerarik gabeko errealitatea aldatu nahi izan zuen bideragarria izan zedin.

Orain badakigu hori ezinezkoa zela, baina, orduan, erabakiak hartu beharra zegoen garaian, orakulu argitsuenak ere ez zekien zein zen herrialde zabal eta anitz haren benetako egoera eta zein izan zitekeen anabasa antolatzeko baliabidea.

Gorbatxovek mundua aldatu zuen, batzuen iritziz onerako, beste batzuek uste dute, aldiz, ez zituela erabaki zuzenak hartu. Baina protagonista izan zen, zuzendari eta eragile. Arrisku larriak hartu zituen eta azkenean menderaezina zenak eskuetatik ihes egin zion.

Bizitzaren pasatzeaz behatzaile izan dena, balkoi azpitik igarotakoa aldatzeko, hobetzeko ezer egin izan ezin duenari goraipamen sutsuenak egin zaizkio egun hauetan. Bere papera, bere eginkizuna beste inork baino hobeto bete omen du, profesional bikaina izan da, handienetan handiena.

Besteak, aldiz, batez ere kritikak jaso ditu. Gertukoek, mitoa bihurtu duten eraikuntza desegin izana leporatu diote; urrutikoek, baita aldekoak omen direnek ere, borondatea bai, baina ahaleginaren hutsegitea azpimarratu dute batez ere egun hauetan.