Felipe Etxebarria
Iruzkina
Europar Batasuna, Ipar Irlanda eta Eskozia, Liz Trussen erronka nagusiak
Felipe Etxebarria
Felipe Etxebarria nazioarteko adituak Erresuma Batuko lehen ministro berriaren erronkak aztertu ditu.
Europar Batasunarekin izandako Brexit akordioko Ipar Irladako protokoloa ez betetzeagatik Bruselarekin dituen tirabirak, horren ondorio politikoak probintzia britaniar horretan eta Eskoziako Alderdi Nazionalistak nahi duen independentziari buruzko referenduma dira Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro berriak mahai gainean dituen hiru arazo nagusiak.
Europar Batasunarekiko harremanak
Harreman hauek korapilotsuak dira. EBk zazpi arau-hauste prozedura ireki ditu Erresuma Batuaren aurka, Brexiteko akordioaren Ipar Irlandako protokoloa ez betetzeagatik.
Europar Batasunarekin negoziaketak etenda geratu ziren Ukrainako gerra hasi zenean. Lehen ministro britainiarra oso borrokalaria izan zen Atzerri minitro zen bitartean. Orain 16. artikulua jar dezake indarrean. Horren arabera, erabaki unilateralak har ditzake "arazo ekonomiko larriak" daudenean. Aukera hori leunagoa da, Londresek bere kabuz protokoloa aldatzeko Parlamentura eraman duen lege-proiektua baino gehiago. Hala ere, Bruselako iturrien arabera, erabaki horrek ere ondorio larriak izango lituzke. Aldi berean, Bruselak aurrera dirau protokoloa ez betetzeagatik Erresuma Batuaren aurkako lege-hauste prozedurarekin. Hori dela eta, Londresek iraila honetako 15a baino lehen erantzun behar dio Bruselak egindako azalpen eskaerari. Erantzuna behar bezalakoa ez bada, Bruselak Europako Justizia Epaitegira eramango du auzia. Eta adostasunik ez badago, merkataritza gerran amaitu daiteke guztia.
Ipar Irlanda
Ipar Irlandako unionisten zati bat Europar Batasunarekin lotura guztiak moztu nahi ditu, eta Europako aduana-batasunetik irten. Izan ere, une honetan Ipar Irlanda, protokoloaren bitartez, aduana-batasunaren barruan dago bi Irlanden arteko muga saihesteko, pake akordioak jarraituz.
Une honetan Ipar Irlanda gobernurik gabe dago, DUP alderdiko unionisten boikotaren ondorioz. Boikot hori maiatzean Sinn Feinek hauteskundeak irabazi zituenean hasi zen.
Orain arte Liz Trussek unionista horien alde ekin dio, baina orain lehen minitro moduan hartuko duen jarrera ikusteko dago. Irtenbide bat ez badago, hauteskunde berriak izango dira Ipar Irlandan.
Krisi ekonomikoa eta inflazio izugarriaren erdian gobernu barik egoteak kexka handiak eragiten ditu probintzia honetako gizartean.
Eskozia
Liz Trussek mespretxatu egin zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, esanez ez zaiola kasurik egin behar independentzia erreferendum eskaerari.
Baina SNPk Auzitegi Gorenera eraman du independentzia erreferenduma Parlamentu britainiarraren baimen barik egiteko ahalmena. Eskoziako Gobernuak aukera hori defendatuko du datorren urrian, baina auzitegiak ez du erabakirik emango 2023 urtera arte.
Gaiak garrantzi handia hartu du, erreferenduma egiteko Sturgeonek 2023ko urriaren 19 aipatu eta gero.