Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Noraino?
Juanjo San Miguel
Ez zirudien Ukrainako gerrak horrenbeste iraungo zuenik eta, momentuz, ez genituen apenas antzematen ustezko kalteak. Egunak aurrera egin ahala ohartu gara gerra hau ere beldurgarria dela, batez ere ukrainarrentzat, baina baita handik kanpo bere ondorioak jasaten hasi direnentzat ere.
Ukrainako gerrak otsaila arte ezagututako mundua hankaz gora jartzeaz gain, asko eta asko aurrez inoiz pentsatuko ez genukeen egoeran jarri gaitu, gure bizitzan lehen aldiz oso larriak diren kontuei buruz erabakiak hartzera behartuko gaituelako, gu edo gure bidez gure agintariak.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenean Europar Batasunean elkartasun erantzuna nagusitu zen, gehiengoari onartezina iruditu zitzaigun arauen, legeen eta etikaren muga guztiak urratuta horrelako erasoa egitea.
Orain arte izandako portaera eredugarria dela esan genezake. Bertatik ihes egin dutenak baldintzarik gabe hartu eta babestu ditugu, gobernuari defentsarako derrigorrezkoak dituen armak bidali dizkiegu eta diru laguntzak oinarrizko beharrei erantzuteko.
Hasieran, hortaz dakitenek eta politiko batzuek adierazi ziguten gerra honek, orain arte ezagutu ditugun beste guztiek ez bezala, zuzeneko eragina izango zuela gure eguneroko bizimoduan eta seguruenera etorkizuna ere baldintzatuko zuela. Baina ez zirudien gerrak horrenbeste iraungo zuenik eta, momentuz, ez genituen apenas antzematen ustezko kalte horiek.
Egunak aurrera egin ahala ohartu gara gerra hau ere beldurgarria dela, batez ere ukrainarrentzat, baina baita handik kanpo bere ondorioak jasaten hasi direnentzat ere. Baina oraindik Europako herrialde gehienetan gatazkak sor litzakeen kalte beldurgarrienak ez zaizkio gehiengoari iritsi.
Ukrainan Errusiak egin duena 2003an Estatu Batuek eta bere aliatuek Iraken egin genuena bezain larria da, inongo arrazoirik gabe eta gezurretan oinarrituta herrialde baten mugak eta burujabetza zapaldu eta sufrimendu izugarria eragin.
Orduan ere Europako gizarteak zatitu egin ziren, orduan ere Nazioarteko erakundeen balioaz eztabaida sortu zen, eta orduan ere harridurak amorrua eta ondoeza piztu zituen, basakeriaren arduradunak inongo zigorrik gabe etxera itzuli zirelako. Baina orduan ez bezala, oraingo honetan Europako mugetan gertatzen ari denak gure bizimodua alda lezake, eta min handia egin liezaguke, gerra luzatu eta batez ere erregai eskasiak atzeraldia eta krisi ekonomiko eta soziala ekartzen badizkigu.
Gerra guztiek bizi arte sinesgaitza den oinazea eragiten dute. Guztietan giza eskubideak azken muturreraino zapaltzen dira eta giza duintasunak balioa galtzen du. Baina urtetan gertuago edo urrutiago lehertutako gerrek ez gaituzte apenas hunkitu. Alde edo kontra jarri gara, baina futbol partida baten gisa, benetako ezer jokatu gabe.
Gehienetan gainera tragedia urruti gertatzen ari zen eta protagonistak oso ezberdinak ziren azalez, kulturaz eta bizimoduz. Gerra hau hasi zenean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gehienon buruan zegoena hitzetan jarri zuen, "zuek bezalakoak gara, zuen itxura, janzkera eta ohiturak ditugu". Hala ere hasierako berotasuna hozten ari da, eta, seguruenera, gure ongizatea oraingo honetan ere begi urdinak eta azal zuriaren gainetik jarriko dugu.