Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Mugak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Melillako hesi aurrean gertatu den azken sarraskiak erantzun sutsuak eragin ditu alde guztietan; baina politika bateratua eta irizpide garbiak ez izatearen errua ez da politikoena bakarrik.

Melillako hesi aurrean gertatu den azken sarraskiak erantzun sutsuak eragin ditu alde guztietan. Oraindik ez dakigu zenbat diren hildakoak eta nola gertatu ziren heriotza gehienak, zabaldutako irudi batzuetan Polizia marokoarren neurri gabeko indarkeria ikusi ahal izan badugu ere. Horrelakoren bat gertatzen denean, haserretu eta sumindu egiten gara, eskubiderik ez dagoela salatzen dugu eta justizia aldarrikatzen dugu.

Melillakoa gertatu eta egun gutxira, Estatu Batuetako San Antonio hirian, 51 gorpu azaldu dira, muga gainditzea lortu zuten etorkinenak. Egun berean, Mediterraneo itsasoan, 22 gazte afrikar ito ziren… Migrazioaren auzia aldiro-aldiro astintzen gaituen arazoa da, horrelako ezbeharren bat edo basakeriaren bat komunikabideetan azaltzen denean, batez ere. Mediterraneoan, Texasen edo Nadorren hildakoen arrazoia eta eragilea bera da: mugak itxita daudela, eta desesperazioak eraginda mugitzen diren horiek ez dituztela mugek, hesiek edo oztopoek geraraziko.

Krisi-garaietan, horrelako jende-mugimenduak ugaritu egiten dira, eta gaur egun itxuraz sakondu eta areagotu egingo den larrialdi-garaia bizi dugu. Baina oraingo honek eta orain dela 20 urte gerta zitekeen etorkin-oldeak azalpen bera dute: gaizki bizi direnek, etorkizunik gabeko bizimodua dutenek, mugaz haratago dugun ongizatea amesten dute. Jakin badakigu hesiaren alde honetan bizi garenon egoera ez dela desiragarria kasu askotan, baina bi munduren arteko konparazioa itxuragabea da, zoritxarrez.

Europar Batasunak, gai honetan, bi arazo ditu, gutxienez. Alde batetik, bertara sartu nahi duten pertsonen ahaleginak ugaritu egingo direla, klima aldaketak, krisi ekonomikoak eta herrialde askoren garapen ezinak gero eta jende gehiago bultzatuko dutelako bidai arriskutsu honetan abiatzera. Horren aurrean, ezin ditugu begiak itxi, eta urruti gertatzen ari den zerbait dela pentsatu. Elkarteak migrazio politika zehatza eta bateratua behar du, datorkionari aurre egiteko. Baina, gainera, ikerketa eta aditu guztiek diote etorkinak behar ditugula, derrigorrezkoak direla abiada handian zahartzen ari den gizarte honek etorkizunen bat izan dezan, kanpotik datozkigun gazte horiek bakarrik suspertu ahal izango dutelako gainbeheran doan Europa zaharra.

Baina politika bateratua eta irizpide garbiak ez izatearen errua ez da politikoena bakarrik. Horrelako tragediak gertatzen direnean, espantuak harrapatzen gaitu, justizia aldarrikatzen dugu, erabakiak hartzen dituztenek ez gaituztela ordezkatzen oihukatzen dugu. Baina 2015ean, Angela Merkelek Alemaniako mugak irekitzea erabaki zuenean, bederatzi egunera harrapataka itxi behar izan zituen, lehendabizi bere koalizio-gobernuko kideek akordioa hausteko mehatxua egin ziotelako, gero Elkarteko beste hiriburuetatik presio handia jasan zuelako, eta, azkenik, herritarrek, herritarrok, hori ez genuela nahi esan geniolako, gure pribilegiozko eremua banatzeko eta partekatzeko prest ez gaudelako.