Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Sareak
Juanjo San Miguel
Edozer gauza esan daitekeela dirudi, eta horrek erasoen helburu direnei min handia egiteaz gain, harremanak eta eztabaida polarizatu egin ditu, muturrera eraman ditu, akordioak eta hurbiltasuna zailduz eta taldeak eta gizarteak apurtuz.
Orain dela 20 urte, "sare sozialak" zer izan zitezkeen lehen aldiz entzun genuenean, inork ez zuen uste hain denbora gutxian horrenbeste hedatuko zirenik, eta hain azkar hainbeste eragin izango zutenik. 2004an MySpace sareak milioi bat erabiltzaile lortu zituen, handik 15 urtera Facebook-ek 2.400 milioi zeuzkan, eta YouTubek, mila milioitik gora. Sareak garatu diren urte hauetan jaio direnek mundua mundu denetik hor izan direla pentsa lezakete, ezin dutelako bizitza sarerik gabe imajinatu eta irudikatu, ezinbestekoak zaizkielako komunikazio tresna hauek.
Sare sozialak pertsonen arteko harremanak errazteko egitura dira, baita informazioa lortzeko iturri eta aisialdirako baliabide ere. Hiru arlo hauek bereizteko gai bagina, sareek egiten duten kaltea eta eragiten duten toxikotasuna txikiagoak lirateke. Baina sareak, batez ere, negozioa dira, eta doan direlakoan gu bihurtzen gara negozio horren ezinbesteko euskarri eta zutabe. Publizitatea da diru iturri nagusia, urtean erabiltzaile bakoitzak zortzi bat euro uzten ditu sarean, eta hori dirutza izugarria da. Hori lortzeko amu ugari jartzen digute, komeni zaien orrialdean sar gaitezen.
Albiste harrigarrienek, txundigarrienek, kaltegarrienak izan litezkeenek lortzen dute arreta handiena, eta oso denbora gutxian munduari bira ematen diote. Terrorismoari buruzko albisteak dira erakargarrienak, konspirazioei lotutakoak, txertoen aurkakoenak… Eta hor sartzen garenean sareak dirua irabazten du, eta gutariko askok eta askok egiatzat edo gutxienez sinesgarritzat jo ditzakegu albiste eta baieztapen burugabeenak.
Sareetan gero eta denbora gehiago pasatzen dugu, 3-4 ordu batez beste egunean. Errealitatea eremu hauetara mugatzen dugu, askotan konturatu gabe hutsean, ezerezean oinarritutakoak direla. Sare hauetan ditugu harremanak, informazioa eta irudiak elkar trukatzen ditugu. Lagunei eta hain gertukoak ez direnei garena eta ez garena adierazten diegu. Eta guzti hori nonbaiten geratzen da, norbaitek erabili lezake eta gehienetan erabiltzen du, batzuetan zerbait saltzeko bakarrik, beste batzuetan, aldiz, gure nondik norakoak zelatatu eta behar izanez gero, gure kontrako neurri eta erabakiak hartzeko.
Ustezko eremu zabal eta ireki hauek albisteak jaso eta eztabaida publikorako leku ere bilakatu dira; baina, gehienetan, iraintzeko eta baten bat parean bagenu aurpegira esatera ausartuko ez ginatekeena esateko. Edozer gauza esan daitekeela dirudi, eta horrek erasoen helburu direnei min handia egiteaz gain, harremanak eta eztabaida polarizatu egin ditu, muturrera eraman ditu, akordioak eta hurbiltasuna zailduz eta taldeak eta gizarteak apurtuz.
Sareei buruz esan daiteken guztia egia da, asmakizun harrigarria eta oso baliagarria direlako, baina esan beharra dago ez dagoela tresna txarrik, erabilera okerrak baizik.