Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Irudia eta eredua

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gure politikariek, eta modu batera edo bestera besteen ordezkaritzaren ardura hartzen dutenek, jakin beharko lukete herritarrek agindutakoa, egindakoa eta azaldutakoa uztartuta egotea eskatzen dutela.

Erresuma Batuan, Alderdi Kontserbadoreak bere barneko kontrol-sistemak martxan jarri behar izan ditu, Boris Johnson lehen ministroak alderdikideen artean duen onarpena neurtzeko. Parlamentarien gehiengoak aldeko botoa eman du, baina aurkakoen kopuruak agerian utzi du Johnsonek konfiantza-galera handia izan duela alderdian, baina batez ere herritarren artean.

Erresuma Batuko hauteskunde-sistemak boto-emaileen eta ordezkari politikoen arteko harreman estua eskatzen du. Barrutietan antolatuta izanik, botoa eskatzera joaten denak ondo ezagutu behar ditu lekuak, pertsonak eta arazoak. Esan ohi da hautagaiak irabazten dituela hauteskundeak, baina Gobernuaren edo lehen ministroaren jokaerak aulkia galtzea eragin lezakeela; eta, horregatik, lehen ministroa lasta edo zama astuna bihur litekeela ohartzen direnean, irteerako atea erakusten diote. Horixe gertatu zitzaien Margaret Thatcherri eta Theresa Mayri, besteak beste.

Johnsonen kasuan, haren kontrako oldearen eta aldarriaren eragileak ez dira horrenbeste hartutako erabakiak izan, azaldutako portaera baizik. Pandemiaren une gordinenetan, herritarrek mugitzea eta elkartzea debekatuta zituztenean, kezka eta beldurra nagusi zirenean bazter guztietan, lehen ministroak festa-giroa bizi zuen, irribarrea eta alkohola zeuzkan lagun. Bigarren Mundu Gerran, Winston Churchill lehen ministroak bi txanpan-botila edaten zituen egunero Downing Streeteko egoitzan; britainiarrek bazekiten hori, baina egunero ikusten zuten  Londreseko leku arriskutsuenetan, alemaniarrek bonbardatutako auzoetan, suntsitutako etxeen hondakinetan, biktimei animoak ematen, laguntzak agintzen…

Esan ohi da politikariak ordezkatzen duten gizartearen irudi direla, eta garai eta egoera bakoitzak dagokion politikoak dituela; eta hori, kasu gehienetan, hala da. Baina, bizi beharreko egoera edo sufritu beharreko denbora bat edo beste izan arren, gizartea ordezkatzen dutenei eredugarri izan daitezela eskatzen zaie, edo, gutxienez, ez daitezela lotsagarri eta lotsa eragile bihurtu.

Esaera zaharrak dio Zesarren emazteak, zintzoa izateaz gain, zintzotasun-irudia azaldu behar duela. Eta hori ahazten dute sarriegi gure ordezkariek. Hipokresia, ustez sinistu, pentsatu eta aldarrikatzen dugunaren kontrako jokaera litzateke. Zesarren emaztearen kasuan, jokaera okerra zuzentzeko aholkua litzateke; gure politikariek, eta modu batera edo bestera besteen ordezkaritzaren ardura hartzen dutenek, jakin beharko lukete herritarrek agindutakoa, egindakoa eta azaldutakoa uztartuta egotea eskatzen dutela. Oraindik ere, eredugarri izateak baduela garrantzia, zorionez.