Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Komunikabideak
Juanjo San Miguel
Ukrainako gerrak mereziko luke agian, ohiko albisteek baino arreta bereziagoa eta tratamendu egokiagoa. Informazioa behar dugunok nekatu eta aspertu egin gara; komunikabideek, aldiz, beste kontu batzuei heldu diete bizirik iraunarazten dituztenen arretari eusteko.
Gizaki taldeei, euren bizilekuko mugetatik at gertatzen zenak garrantzia izan zezakeela iruditzen hasi zitzaienetik, berri horien ekarlea indarra eta eragina irabazten hasi zen, berak zionaren arabera antolatu beharra zegoelako etorkizuna. Berri ekarle, berri eramaile bihurtu zen lehendabizi eta ondoren albiste sortzaile. Handik aurrera, gertatutakoak baino, gizaki haiek eraikitako iritziak zeukan garrantzia, eta hor erabakigarria zen, benetan gertatu zen hori ikusi eta jaso zuenak eramandako mezuak.
Komunikabideak ezinbesteko tresna eta baliabide bihurtu dira, beraiei esker jakin dezakegulako zer gertatzen ari den gertu eta urruti, zer dion honek edo beste horrek, zeintzuk diren agintzen dutenen asmoak…Egia da azken urtetan, gehienetan zabortegi eta koldarren babesleku bihurtu diren sare sozialak deitutakoek aurrea hartu dietela, batez ere, gertutasuna eta berehalakotasuna derrigorrezkoak direnean. Baina oraindik, komunikabide tradizionalek, urtetako izena eta ohiturak dituztenek, baldintzatzen dute gehiengoaren iritzia eta irizpidea.
Eta komunikabide hauek azaldu digute Ukrainan gertatzen ari dena, Estatu Batuetako Texasen izandako sarraskia edo errege izan zen baten bidaia. Ukrainan gertatzen ari denari buruz informazioa ematea ez da erraza, eragozpenak eta batzuek eta besteek apropos zabaldutako gezurrak begi bistakoak direlako. Baina XXI. mendeko gertakizun garrantzitsuenak mereziko luke agian, ohiko albisteek baino arreta bereziagoa eta tratamendu egokiagoa. Baina ez. Hemen ere informazioa behar dugunok nekatu eta aspertu egin gara; komunikabideek aldiz beste kontu batzuei heldu diete bizirik iraunarazten dituztenen arretari eusteko.
Texaskoak balio izan du orrialde batek bestea estali dezan. Uvalde hirian gertatutakoa izugarria izan da zalantzarik gabe, baina komunikabideek emandako oihartzunak eta albistea bideratzeko erak, horrelakoak galarazteko baino, horretarako prest daudenak berotu eta bultzatzeko balio lezakeela dirudi. Gaztetxo hiltzailearen nondik norakoak kontatu dizkigute, mutikotan izandako arazoak eta familiarekiko harremanak. Bera izan da protagonista nagusia eta komunikabide askok arrazoi eta eragile harrigarrienak eman dituzte gertatutakoa ezinbestekoa izan dela erakusteko.
Errege izan zenaren bidaian aldiz, bere arduragabekeria eta harrokeria ez dira berriak, baina komunikabideek bidaiari eman dizkioten garrantzia, denbora eta lekua ulergaitzak dira, batez ere, komunikabide batzuen kasuan, morboaren eta joko maltzurrenaren alde egin dutelako.
Komunikabide aniztasuna derrigorrezkoa da, bakoitzak jasotzen duenaren irudi zuzen samarra egin dezan. Baina gehienek bide eta jokaera beretsua hartzen dutenean, pluraltasunaren eta objetibotasunaren aurka, sareetako zaunkak eta gezurrak nagusitzen zaizkigu.