Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ruanda

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gizakia gizaki denetik, migrazioak istilu eragile izan dira. Gai honetan gainera, demagogia egitea erraza da, herrialde askotako hauteskunde kanpainetan egiaztatu daitekeenez. Era berean ukaezina da, gure mugetatik kanpo datozenak hartu eta bertakotzeko aukerek muga jakina dutela.

Orain dela 28 urte, Afrikako erdialdean, Ruanda eta Burundi izeneko bi herrialde zeudela ohartu ginen. Sarraski beldurgarriak gertatu ziren orduan, hutuak eta tutsiak deitutako tribuen artean, eta aste batzutan zehar ez zuten beste konturik izan komunikabideek, adituek eta iritzi emaileek. Horrelakoetan ohi bezala, azkar nekatu eta aspertu ginen eta hedabideek beste leku eta protagonista batzuk aurkitu zituzten gure arreta erakartzeko.

Erresuma Batuko Gobernuak orain, sarraski haiek izandako lekura bidali nahi ditu, bertara bizimodu hobearen  bila baimenik gabe iritsitakoak. "Ilegalak" deitu ditu Boris Johnson lehen ministroak. Bere hitzetan britainiarren errukia neurri gabea izan liteke, baina jende berria jasotzeko ahalmena mugatua,  eta horregatik zerbait egin behar dute, gero eta zailagoa bihurtu zaien arazoari irtenbidea emateko. Britainiarren erabakiak lehendabizi harridura eragin du, ondoren giza eskubideen aldeko erakundeen gaitzespen gogorrena.

Askori txistea, benetan hartu ezin daiteken erabakia iruditu zaiena hala ere ez da aparteko bitxikeria. Europako beste herrialde batzuek, eta Europar Batasunak berak antzerako erantzunak aztertu ditu eta gaur egun, Londresko gobernuak Ruandarekin sinatutako akordioaren antzerakoak ditu Turkia, Niger edo Libiarekin. Paperik gabeko etorkinak onra ditzaten,  dirua eta baliabideak ematen zaizkie herrialde hauei, Europar Batasunarenak diren ardurak beraiek har ditzaten.

Ukrainako gatazkak, Mundua hankaz gora jartzeaz gain, etorkizuna finkatzen hasteko balio beharko zuketen irakaspenak ere utzi dizkigu. Nagusia agian, gure bizitza uste baino oinarri ahulagoen gainean eraiki dugula, eta egun batetik bestera, bizimodu lasaia eta oparoa izatetik errefuxiatu bihurtzera pasa gaitezkela, guk aparteko ezer egin gabe. Eta hala izanik, elkartasuna eta laguntza beharko genituzkeela aurrera ateratzeko.

Gizakia gizaki denetik, migrazioak istilu eragile izan dira. Gai honetan gainera, demagogia egitea erraza da, herrialde askotako hauteskunde kanpainetan egiaztatu daitekeenez. Era berean ukaezina da, gure mugetatik kanpo datozenak hartu eta bertakotzeko aukerek muga jakina dutela. Baina Europar Batasunak etorkinak behar ditu derrigorrez etorkizuna izan nahi badu. Adinen desorekak, ingurumena babesteko populazioaren hazkundeak behar dituen neurriak, lurraren eta naturaren mugek horixe eskatzen digute.

Eta Ukrainak hemen ere erakutsi digu zein den bidea, zer egin genezaken babes eta aukeren bila datozenekin, azalaren kolorea eta jatorria edozein izan da ere. Eta noski, pertsona ilegalik ez dagoela aitortu eta ezin ditugula Kontxintxinara edo Ruandara bidali, zigortu eta atzetik datozenak uxatzeko.