Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Hondakinak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ukrainan, amaigabea uste genuen bake garaia amaitu zaigu Europan. Nazioarteko harremanak, azken 30 urteetan mugarik gabe garatu den globalizazioa deitu duguna, iragana bihurtu du gerra honek.

Ukrainako gerran, gerra gehienetan bezala, leherketek eragindako kea ezabatzen denean, egun edo ordu batzuk lehenago arte, jende arruntaren bizilekua ziren eraikuntzen egitura biluziak azaltzen zaizkigu. Gatazka honetan, berriz, ez dugu apenas zuzeneko enfrentamendurik ikusi. Eztanden ondorengo sua eta amorruaren txikizioa dira iritsi zaizkigun irudiak: desegindako tankeak, zuloz betetako errepideak, birrindutako burni eta harri puskak nonahi, atsekabeak eragindako negar malkoak eta zakurrek usaintzen dituzten gorpuak. Telebistek etengabe etxeratzen dizkiguten irudi hauek, oinazea eta sufrimenduak eragindako tragedia begien aurrean jartzeaz gain, betirako bukatu diren bizimoduak eta hartu-emanak gogoratzen dizkigute.

Ukrainan, amaigabea uste genuen bake garaia amaitu zaigu Europan. Nazioarteko harremanak, azken 30 urteetan mugarik gabe garatu den globalizazioa deitu duguna, iragana bihurtu du gerra honek. Bigarren Mundu Gerra ondoren sortutako munduaren antolaketak antzinako kontua dirudi. Atzo arte sendoa eta aldaezina zirudienaren ahuldadea agerian geratu zaigu.

Ukrainako katastrofeaz batera, aspaldi errotutako orekak dardarka dira. Frantzian, presidentetzarako hauteskundeetan, urte askotako antolaketa politikoa deseginda dagoela ohartu gara. Alderdi tradizionalek, Frantziaren gaur egungo egituraketa politikoa eraiki dutenek, Mariupolgo eraikuntzen gisa, agerian utzi digute  biluzik daudela eta erakusten diguten egiturak ezingo diola eutsi  hurrengo astinduari. Frantsesek esan digute, gainera, orain artekoak ez duela balio, jarduera politikoa ezin dutela alderdi hauek bideratu. Irabazleek herria eta eliteen arteko dikotomia azpimarratu dute behin eta berriz. Politikoak ez ditugula  behar, herriaren borondatea gauzatzen jakingo duten lider indartsuak baizik.

Eta Frantzia ez da edozein herrialde. Gaur egungo gizarte demokratikoaren oinarriak bertan sortu ziren, gizakion eskubideak eta berdintasunaren beharra bertan aldarrikatu zituzten lehen aldiz. Nazioartean, aldiz, gero eta gehiago dira giza eskubideen beharra gutxietsi eta jokaera demokratikoa alboratu daitekeen lasta dela uste dutenak. Han eta hemen itxuraz indartsuak diren liderrak azaltzen ari dira, urteetan euren boterea sendotu dutenen irudiko… Oso denbora gutxian, zuzenak eta ezinbestekoak iruditzen zitzaizkigun bizi baldintzak eta harreman ereduak arriskuan daudela egiaztatu dugu, eta ordezko eskaintzen zaigunak Historiaren garai beltzenetara itzultzeko ateak irekitzen dizkigutela, azken finean orain arte izan duguna borroken eta aukeren ondorio izan delako, eta ez zerutik eroritako dohaina.