Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Atomikoak
Juanjo San Miguel
Gaur egun bederatzi herrialdek dituzte suntsipen handiko armak, baina horietako bat bera ere ez da inoiz izan gerra galtzeko zorian edo herrialde gisa desagertzeko arriskupean.
Ordutik ordura nahasten eta korapilatzen ari den Ukrainako krisian, komunikabideek, adituek eta buruzagi politikoek gatazka areagotu ezkero izan litzakeen ondorioak azpimarratzen dizkigute egunero. Zuzeneko entrenamendua, ekonomiak har lezakeen kolpea, nazioarteko harremanetan arau urraketak ekarriko lituzkeen kalteak… Baina ez da apenas aipatu arma nuklearren arriskua.
Hiroshima erre zuen leherketa izan zenetik, arma nuklearren erabilera kudeatzeko magiko bihurtu den hitza izan da oreken ardatza, disuasioa. Arma horiek zituzten herrialdeek ez dituzte sekula erabiliko, jakin badakitelako botoi gorria sakatuz gero, amaiera ere sinatzen ari direla.
Gaur egun bederatzi herrialdek dituzte suntsipen handiko armak, baina horietako bat bera ere ez da inoiz izan gerra galtzeko zorian edo herrialde gisa desagertzeko arriskupean. Eta ez dakigu horrelako egoeran izan ezkero zer egingo luketen arma horien ardura dutenek, haiek hil behar badute edo, okerragoa dena, atxilotu eta etsaiaren esku eror daitezkeen. Gainera ordezkatzen duten herriari irteera bide guztiak itxi bazaizkio, zergatik ez dute bonba horiek erabiliko? Ez dirudi gizateriaren, eta, are gutxiago, etsaien etorkizuna gehiegi axolako zaienik.
Egoera horretara iritsi ez gaitezen, mundu guztian aspaldi sortutako mugimenduak arma nuklear guztiak desegin eta berriak sortzeko konpromisoa eskatzen du. Arma horien jabeek horren aldeko jarrera erakutsi dute behin baino gehiagotan, baina beti ere hitzez, ekintzek justu kontrakoa erakusten dutelako. Ipar Koreak ez luke nazioartearen arreta erakarriko arma nuklearrak ekoizteko gai dela pentsatuko ez balute. Mendebaldea prest azaldu da herrialde horri laguntzak emateko, zuzenean negoziatzeko eta parez pareko tratua emateko. Arma nuklearrik izan ez balu edo Mendebaldeak pentsatuko balu ez duela eta ezingo lukeela lortu, zalantzarik gabe inork ez lioke jaramonik egingo gehienok mapetan kokatzen jakingo ez genukeen herri horri.
Baina indar atomikoak eragin dituen krisietan alde guztiek mezu bera zabaldu dute: arma nuklearra baduzu inportantea zara, inork ez dizu eraso egingo eta zure segurtasuna babestuta izango duzu. Sobiet Batasuna desegin zenean, bere armategi handia Estatua osatzen zuten errepubliketan sakabanatuta zegoen. Ukrainak bost mila misil nuklear zeuzkan, baina 1994an sinatutako Budapesteko Memorandumean, arma horiek Errusiaren kontrolpean uztea onartu zuen, horren truke hitzarmena sinatu zuten beste herrialdeek; Amerikako Estatu Batuek, Errusiak eta Erresuma Batuak, Ukrainaren lurraldetasuna eta subiranotasuna errespetatzeko konpromisua hartu zuten. Ukrainarrek orain diote Putin ez litzatekeela egiten ari dena egiten ausartuko arma haiek izango balituzte.