Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Bezpera
Juanjo San Miguel
Zerbaiten bezperan gaudela jakin badakigu, baina ez nolakoa izango den etorkizun hurbil hori. Lehen Mundu Gerraren bezperan, Europako herrialde guztiak itxuraz gerrarako prest zeuden, "Bake Armatua" deitu zitzaion garai hari, baina inork ez zuen gerrarik espero.
Bezpera aurreko eguna da. Egoera arruntetan ez du aparteko esanahirik, inork ez dakielako datozen orduetan gerta litekeena, baina ekitaldi, gertakizun edo ekintza handiren bat jazo ondoren, aurreko une horiek garrantzi berezia hartzen dute, bertan bailego ondorengoaren azalpena.
Lerro hauek idazterakoan, zerbaiten bezperan gaudela jakin badakigu, baina ez nolakoa izango den etorkizun hurbil hori. Lehen Mundu Gerraren bezperan, Europako herrialde guztiak itxuraz gerrarako prest zeuden, "Bake Armatua" deitu zitzaion garai hari, baina inork ez zuen gerrarik espero, eta 1914ko udara hartan herritarrek eta erabakiak hartu behar zituzten agintariek ohiko jarduerari eutsi zioten; oporrak eta festa giroan batzuek, ahal zuten moduan egunerokoari eusten besteek. Leherketa etorri zenean inork ez zuen ondorengoa antzeman.
20 urte besterik ez ziren pasa gizateriak inoiz ikusi eta pairatu duen suntsiketa handiena hasi zenetik. Bezpera hartan, aurrekoa gertuegi zegoelako ziur aski, batzuek nahiago izan zuten koldartzat hartzea, lehen tiroa egiteko arrazoiak ematea baino. Espainiako gerra hasteko bezperan, hura bizi zutenek diote militarren kolpea menderatu, eta egun gutxira egoera normalduko zela uste zutela gehienek, agintariek aldiz ez zioten apenas garrantzirik eman armada buruak prestatzen ari zirenari.
Agian, hiru gerra horiek udaran hasi zirelako, negua garai desegokiagoa iruditzen zaigu gatazketan sartzeko, iristen zaizkigun albiste, iritzi eta susmo gehienek Damoklesen leku beretsuan gaudela adierazi arren, zaldi zurdako ile mehe batek eusten duen ezpata buru gainean dugula, alegia. Oraingo honetan ere, lahar artera abiatzeko lehen pausoa eman lezakeenak buruan zer duen ez dakigu, agian berak ere ez daki zer egin, zer komeni zaion gehiago, zerk eragingo dion irabazi gehiago galerak baino.
Bestaldeko batzuk, aldiz, iragarle bihurtu dira, bezperari sekula izan ez duen garrantzia eman nahian edo jakinaren gainean daudela erakusteak arerioa atzera egitera bultzatuko duelakoan.
Zer datorkigun inork ez daki, ezta aurreikuspen beltzenak gauzatzeak ekarriko lukeenaren larritasuna neurtzen ere. Horrelakoetan, ohi bezala, gehienok nahiago dugu begien aurrean duguna ukatu, ukaezina dena ez sinistea eta egunerokotasunari eustea, gure aurreko guztien antzerako egoeratan egin zuten bezalaxe. Ez dago gure esku alde batera edo kontrakora jotzea. Hau idazterakoan ez dakigu bezperan ote gauden edo bezperaren atarian edo atarikoaren aurreko egunean. Hori ez baitugu argituko, nahi ez duguna gertatu edo ezabatu arte.