Juanjo Sanmiguel
Iruzkina
Europarrak
Juanjo San Miguel
Europarrak. Gaur egun 27 kidez osatutako erakunde honetako legeek arautzen dute herri, herrialde eta eskualde guztietako bizimodua. Indarrean diren legeen % 70 inguruk Europar Batasunean dute sorrera, onerako eta txarrerako.
Aste honetan 30 urte bete dira Europar Batasuna osatzen zuten 12 herrialdeek Maastrichteko hitzarmena sinatu zutenetik. Akordio haien bidez, ikatza eta altzairua elkarrekin ekoiztu eta partekatzeko sortu zen itunak kutsu politiko nabarmena hartu zuen. Bi gerra beldurgarriren ondoren, horrelako suntsiketak galarazteko eraikitzen hasi zen proiektuak edukiak aberastu zituen, hiritartasun europarra eskainiz kide guztiei, oinarrizko eskubideen errespetua aldarrikatuz eta arautuz, moneta bakarraren oinarriak jarriz, eta harremanetarako, mota guztietako harremanetarako, eremu zabalagoak jorratuz.
Europar Batasuna estatuek egin dute, eta Maastrichtetik aurrera herrialde horiek eskumen garrantzitsuak utzi behar izan dituzte elkartearen esku. Gaur egun 27 kidez osatutako erakunde honetako legeek arautzen dute herri, herrialde eta eskualde guztietako bizimodua. Indarrean diren legeen % 70 inguruk Europar Batasunean dute sorrera, onerako eta txarrerako.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako sei herrialdek (Alemaniak, Frantziak, Italiak, Herbehereek, Belgikak eta Luxemburgok) jarritako oinarriek garai hartan inork pentsatuko ez zukeen tamaina hartu dute, gaur egun munduko potentzia ekonomiko eta politiko nagusietakoa delako.
Ikatza eta Altzairuaren Elkartea sortu zutenetik 71 urte beteko dira aurten. Mundua asko aldatu da denbora horretan, baina gizakion helburu eta jomugak berdintsuak ziren orduan eta orain. Bizimodu duina, askatasuna aske izan daiteken neurrian, mugitzeko aukera, garenagatik errespeta gaitzatela, pentsatzeko eta adierazteko mugarik edo oztoporik ez izatea, goizean etxetik irteterakoan itzuliko garela jakitea…
Demokrazia ez perfektuetan jaio edo bizitzen ohitu garenoi ezinbesteko bizi baldintzak iruditu arren, gizateriaren zati handi batek, erabateko gehiengoak, ez ditu sekula ezagutu eta ez dituzte bizi artean ezagutuko. Europar Batasuna, gizakion egitasmo oro legez, osatu gabea da, eta ez da sekula bukatuko. Nahi adina kritika egin dakioke, eta seguruenera gehienak zentzuzkoak izango dira. Krisi garaietan agerian geratu dira, behin baino gehiagotan, oraindik "gu eta haiek" delakoak nahi baino indar handiagoa duela, mugak eta ezberdintasunak ezabatzeko ahalegina begi bistakoa izan arren. Europar Batasunari kritika zorrotzak egin zaizkio. Barrutik, desegin eta leherrarazteko ahaleginak ugariak izan dira. Baita kanpotik egin zaizkion erasoak ere.
Azken urtetako krisietan bere etorkizuna zalantzan jarri izan dugu, eta litekeena da halako batean amaierara iristea. Zoritxarrez hori helduko balitz ohartuko ginateke galeraren handitasunaz, gizakiok gutxietsi egiten dugulako dugun hori, lortutakoa hori, eta ez diogulako duen balioa aitortzen galtzen dugunera arte, iragana bihurtu arte.