Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Diruaren prezioa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Esan digute Saudi Arabiatik iritsitako diruak hemengo futbol xumeena babesteko eta indartzeko balioko duela eta Arabiara Superkopa eramateak aire freskoa sartzeko balio duela. Ez bata ez bestea ez dira egia, baina itxuraz inori ez zaio hori axola.

Futbolari buruz ia edozer gauza esan daiteke eta seguruenera guztiak egia izango dira. Ukaezina da, hala ere, bere inguruan gertatzen denak oihartzun handia duela, jarraitzaile asko duelako mundu guztian. Horregatik agian, kirol jarduera horretan gertatzen denak ez gaitu harritzen, beste edozein giza arlotan gertatuko balitz onartezina irudituko balitzaigu ere.

Joan zen astean, Espainiako futbol txapelketako partida batzuk Saudi Arabiara eramatea erabaki zuen kirol honetako federazioak. Superkopa deritzan lehiaketako hiru norgehiagokak. 10 urteko iraupena duen akordioaren bidez, Federazioak eta talde partehartzaileek 400 milioi euro jasoko dituzte. Saudi Arabia, Erdi Aroan bizi den estatu islamikoa da. Bere lege nagusia Xaria da, VII. mendean idazten hasi zen araudia eta gaur egun oraindik, beste edozein legearen gainetik dagoena.

Edozein lekutako agintariek eta erakundeen arduradunek, beraien portaeraren berri eman edo hartutako erabakiak arrazoitu behar dituztenean, ia beti taldearen, gizartearen edo ordezkatzen duten elkartearen onurak, aukerak eta irabaziak azaltzen dizkigute. Oraingo honetan esan digute, handik iritsitako diruak hemengo futbol xumeena babesteko eta indartzeko balioko duela; Arabiara horrelako txapelketa eramateak, aldiz, herrialde hura irekitzeko edo aire freskoa sartzeko balioko duela ere esan digute. Ez bata ez bestea ez dira egia, baina itxuraz inori ez zaio hori axola, azken finean handik iristen zaizkigun irudiak beste edozein lekutan ikusiko genituzkeenak direlako. Futbol zelaitik haratago zer dagoen ez digutelako erakusten eta egia esan da ez zaigulako gehiegi interesatzen.

Ekonomia eta etekina, erabaki eta ekintza gehienen neurri eta galbahe bihurtu diren garai hauetan, beste guztia iritsi huts bilakatu da. Baten batek zerbait adierazi ezkero, berehala parean kontrakoa izango du. Bat aditua, jakintsua edo ondo prestatutakoa izan eta bestea  alproja galanta izan arren, bien iritziak balio bera dute gaur egun. Ez da ezer egiaztatu behar, ez dira egia eta gezurra bereizten, eta aktore ezagun hark zion moduan "hauek dira nire sinesmenak, nire printzipioak, baina gustatzen ez bazaizkizu beste batzuk ditut". Horrek dirudi gaur egungo jokabide ororen oinarria. Aktore berak esan zuen "ez nintzateke sekula izango, ni bezalako pertsona onartuko zukeen elkarte bateko kide".

Zoritxarrez ez dugu aukerarik gure ingurua ezabatu edo gure izenean erabakiak hartzen dituztenak epaitu, eta hartu dituzten erabaki horien ondorioen neurri berean zigortzeko. Saudi Arabia, beraz, herrialde aberatsa, beroa eta erosoa da, beste guztia iritzia besterik ez da.