Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Animaliak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Espainian eta Europan, makroabeltegiei buruzko eztabaida suspertu da, Alberto Garzon ministroak egindako adierazpenen ondorioz. Edward Osborne biologoaren tesiekin alderatu du egileak.

Abenduaren amaiera aldera Edward Osborne Wilson hil zen. Wilson entomologoa eta biologoa zen, inurrietan aditua. 92 urte zituen hil zenean eta esan genezake hil arte lanean aritu zela, ikertzen eta aztertutakoa idazten. Edward Wilsonek zioen, besteak beste, gizakia munduak eta gizateriak duen arrisku handiena dela, bioaniztasuna desegiteko bidean garela eta, ondorioz, gure etorkizuna ukatzen.

Heriotza hau iritsi zaigu, Espainian eta Europan, makroabeltegiei buruzko eztabaida suspertu denean, Alberto Garzon ministroak egindako adierazpenen ondorioz. Bai biologoaren tesiek, baita ministroaren hitzek sortutako eztabaidak leku berera garamatzate, naturarekiko eta batez ere animaliekiko ditugun harremanetara. Wilsonek zioen gizakiok ez dugula eskubiderik, gurekin batera lurrean bizi diren espezie guztien bizia eta etorkizuna arriskuan jartzeko, gure behar eta interes egoistengatik.

Animaliekiko harremana beti izan da eztabaida eragile, beti erabili izan ditugulako gure premiak asetzeko, lanerako, jaki gisa edo beste gizaki batzuek betetzen ez duten zulo afektiboan kokatzeko. Animaliekiko, eta batez ere abereekiko harremanei buruzko eztabaida sortzen denean, bizidun horien izaeraz azaltzen dira adostasunerako zailtasunak. Sentitzeko edo inguruan gertatzen denaz jabetzeko duten ala ez duten ahalmenaz. Baina animaliek adimena izan edo ez izan, sentitzeko gaitasuna erakutsi edo euren kabuz ingurua aldatzeko abilezia eduki, arazoa ez litzateke beraien izaera edo izateko modua, gure portaera baizik. Animaliekiko dugun portaerak adierazten baitu gure benetako izatasuna, gure etika eta inguruarekiko dugun jarrera. Animaliak eskubideen jabe direla pentsatu edo gauzen parean jartzen baditugu, ez dira beraiek gure ekintzen neurria ezarriko dutenak, gu baizik.

Abeltegi erraldoien helburua , behi, txerri eta hegaztien okela, arraultzak eta bertatik atera dezakegun guztia era merkean ekoiztea da, edozeinek jan edo erabili ahal ditzan, mundu guztiak ezin dituelako, beste abeltzaintza motek merkaturatzen dituzten gaiak ordaindu. Jarduera honetan, helburuak eta emaitzak bitartekoen gainetik jarri ditugu. Globalizazioak eta diru goseak areagotu egin dituzte aspaldikoak diren animalien ustiaketa sistema hauek, baina eragiten ari diren ondorioak gero eta larriagoak dira, kutsadura handia sortzen dutelako eta betiko abeltzaintza orekatua suntsitzen ari direlako.

Makroabeltegietan, animaliak neurri gabe sortu eta pilatzen ditugu; naturan berriz ugalketa murrizten ari gara eta animali kopuruak urritzen. Eztabaida genezake jokaera bakoitzaren egokitasunaz, eta gizaki gisa dugun erantzukizunaz, baina sakoneko portaera aldatzen ez badugu, ezta Noeren Arkak ere ez digu balio izango, utziko dugun basamortuaren azken biztanleak babesteko.