Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Urtebeteko 'brexit'aren balantzea

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

'Brexit'aren kostua Erresuma Batuko Aurrekontuen Erantzukizunerako Bulegoak zenbatu du. Bulego honen arabera, epe luzera Erresuma Batuko barne produktu gordina % 4 jaitsiko da. Pandemiaren ondorioz soilik, berriz, %1,5 jaitsiko zen.

Albisteak (1)

2022ko urtarrilaren batean, Erresuma Batuak Europar Batasunetik kanpo urtebete beteko du, politika eta legezko egituretatik kanpo, merkatu bakarretik eta aduana batasunetik kanpo. Erabateko brexitak, hots, EBtik irteteak, munduan zehar beste merkataritza hitzarmenak lortzeko Erresuma Batuari kateak askatuko zizkion. Hori zioten brexitaren aldekoek.

Baina Europar Batasunetik kanpo ia urtebete igaro eta gero, David Frost brexiterako ministroaren dimisioak agerian jarri du brexitaren baitan agindutakoak betetzea, promesak egitea baino zailagoa dela.

Brexitaren ondorioetako bat hainbat ekonomia alorretan jasaten ari diren eskulanaren eskasia da, langile asko beren EBko herrialdeetara itzuli baitira.

Arrantza eta nekazal alorretan asko traizionatuta sentitzen dira, ez zaizkielako ordaintzen EBk ematen zizkien diru laguntzen ordezkorik. Gainera, Europar Batasunean saltzen zuten esportatzaile txikiek kostuak garestituta ikusi dituzte, bete beharreko paperen ondorioz.  Simon Spurrellek Cheshire Cheese gazta enpresa dauka. Enpresa honek 270.000 libera (320.000 euro) galdu ditu. Brexitaren ondoren berehala konturatu zen EBra esportatzeko osasun-ziurtagiria aurkeztu behar zuela. Eskaera bakoitzerako behar den osasun-ziurtagiriak 180 libera (213 euro) balio du. Kostu berdina 30 edo 35 euroko opari-pakete bakoitzeko. Garestitze ikaragarri hori EBtik kanpoko herrialdetara saltzerakoan ere gertatu da. Norvegia eta Kanadarako salmentek ere % 200 baino gehiago garestitu dira, muga-zergen ondorioz.

Brexitaren kostua Erresuma Batuko Aurrekontuen Erantzukizunerako Bulegoak zenbatu du. Bulego honen arabera, epe luzera Erresuma Batuko barne produktu gordina % 4 jaitsiko da. Pandemiaren ondorioz soilik, berriz, %1,5 jaitsiko zen.

Brexitaren aldekoek agintzen zuten esportazioen igoeraren ordez, % 14 jaitsi dira, Erresuma Batuko Estatistika Bulego Nazionalaren arabera. Esportazioen murrizte hori EBtik kanpoko herrialdeetan ere gertatu da.

Erresuma Batuko Elikagai eta Edari Federakundearen arabera, produktu hauen salmentak atzerrira 2.700 milioi libratan (3.200 milioi euro) murriztu dira. Hau da % 15,9ko jaitsiera urteko lehen 9 hilabeteetan. EBrako esportazioak oraindik gehiago jausi dira % 23,7, produktu britainiarrek jasan behar dituzten oztopo berrien ondorioz eta pandemiaren eraginagatik.    

Zenbaki horiek 2022aren aurrekoak dira, izan eren, urtarrilaren 1ean Europar Batasunean inportazioetarako arau berriak jarriko dira indarrean.

Erresuma Batuak aurten sinatu duen merkataritza akordio berri bakarra Australiarekin izan da. Izan ere Kanada, Japonia, Hego Korea, Suitza eta Turkiarekin sinatutakoak, herrialde hauekin dagoeneko EBak sinatutakoen luzapena baino ez dira.

Brexita eta covid-19a aldi berean gertatzea ondo etorri zaio Boris Johnson lehen ministroari, horrela pandemiarekin justifikatzen duelako aurten gertatutako hondamendia.

Ekonomian aditu diren britainiarrek aurreikusi dutenez, epe luzera brexitaren ondorioak pandemiarenak baino askoz txarragoak izango dira.